Inflazioa kalkulatzeko sistema berriarekiko kezka

Ubane Madera Zangitu 2023ko ots. 13a, 17:32

Gaur, pentsioen aldeko elkarretaratzean ohartarazi dutenez, INE (Espainiako Institutu Nazionala) inflazioa kalkulatzeko metodo berri bat erabiltzen hasi da eta kezka partekatuko dute horrek pentsioen igoeran izango duen eraginarekiko. Gogora ekarri dute urtarrileko inflazioa %5,8koa izan dela, eta erosketa-saskiak iazko hilabete berean baino %15 garestiagoa izaten jarraitzen duela. Bata eta bestea kontuan hartuta, azpimarratu dute 1.080 euroko gutxieneko pentsioen alde borrokatzen segituko dutela. Gaur, 50 bat lagun izan dira protesta ekitaldian.

1.080 euroko pentsioaren aldeko aldarria egiteaz bat, azpimarratu dute EAEn, 160.000
pentsiodun eta Nafarroan beste 50.000 ez direla 1.000 eurora iristen. Zentzu horretan, gogora ekarri dute 1.080 euroko gutxieneko pentsioa “atzerapen gehiagorik gabe” lortzea helburu duen baraualdi-itxialdia egingo dutela martxoaren 13tik 18ra arte.

Ildo beretik azpimarratu dute gutxieneko pentsioen igoera Madrildik lortzen ez den bitartean, Euskadiko eta Nafarroako gobernuengan jarriko dutela iparra, “horiek, borondate politikoa badute, gutxieneko pentsioak 1080 euro arte, 14 ordainsaritan, osatzeko gaitasun ekonomikoa eta eskumenak baitituzte”.