Soraluzeko Udala 2021ean atxikitu zen Mugiment kirol txartelera.
Atzoko udalbatzarrean emandako datuen arabera, harrezkero, Mugiment txartela baliatuta, kanpotik etorritako bazkideek 613 bider erabili dituzte Soraluzeko kiroldegiko instalazioak eta soraluzetarrek, berriz, 950 aldiz erabili dituzte herritik kanpoko kirol instalazioak, batik bat, Eibarko instalazioak, "baina batzuk Barakaldora eta guzti joan dira", esan zuen Ramon Gallastegi Kirol zinegotziak.
Hark azpimarratu zuenez, gaur egun, Aretxabaletakoa eta Eskoriatzakoa izan ezik, inguruko gainerako udalerri guztiak daude Mugiment txartelera atxikita, eta beraz, herri horietako guztietako kirol instalazioak erabil daitezke txartel bakarra baliatuta.
Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 143 udalerri daude programa horretara atxikituta eta 44.532 erabiltzaile ditu.