Atzoko osokoan, mahai-gaineratutako puntu guztiak onartu ziren, baina bi hitzarmenek eztabaida eragin zuten gobernuaren eta oposizioaren artean eta haiek bozkatzean, EH Bildu koalizioa abstenitu egin zen:
- Debegesaren eta Soraluzeko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena, Santa Anako 30-32ko esparrua aldi baterako Lanbide Eskola izateko egitasmoa ahalbidetuko duena.
- Kalebarrenen egokitzen ari diren bulegoa aldi baterako erabiltzeko Soraluzeko Udalaren eta Zabaltzen-Sartu kooperatibaren arteko lankidetza hitzarmena.
Kalebarrengo bulegoa
Bi hitzarmenen xehetasunak ematean, egitasmo bat bestearekin lotu egin zuen Iker Aldazabal alkateak.
Batetik, gogora ekarri zuen Kalebarrengo bulegoa dagoela bideratuta enplegagarritasuna bultzatzera, “herriko langabezia-tasa, pobrezia, RGI erabiltzaile kopurua… herrian dauden datu negatibo esanguratsuak kontuan hartuta, azken hiru urteotan lanketa egin da eta hainbat espazio bereganatzen joan gara; orain, horiei esker aukera izango da abiaraziko diren enplegagarritasun proiektuak abiarazteko”.
Kalebarrengo bulegoari dagokionez, bertan zentralizatuko da gaur egun, Gaztelekuan eta EPAko lokaletan Zabaltzen-Sartu Kooperatibak inklusio soziolaboralarekin lotuta eskaintzen duen zerbitzua eta baita ere Ezozibidekozaharberritze proiektuko bizilagunei zuzendutako aholkularitza zerbitzua.
Lanbide Eskola abian
Olaldeako esparruari dagokionez, berriz, alkateak azaldu zuen 1.420 metro karratuko espazioa bereganatuta duela Udalak eta hura lagako diola Debegesari bertan Lantegi Eskola egokitzeko.
Alkateak esandakoaren arabera, Lanbide Eskolaren funtzionamendua honakoa izango da: eskualdeko 12 laguni formazio espezifikoa emango zaie langile beharra duten gremioekin lotuta, igeltserotza, arotzeria, argiketari formazioa… Hori Elkartegian egingo dute.
Ondoren, teoria hori praktikan jarriko dute Olaldean, Debegesak kudeatuko duen Lantegi Eskolan, espazio hura zaharberritzeaz bat, etorkizuneko balizko erabilerei begira. Eta azkenik, ikasitakoa modu errealean praktikatu ahal izango dute Ezozibidea Berritzen egitasmoan egingo diren obretan.
“Proiektu anbiziosoa da; proiektu garrantzitsuak dira Soraluzerako eta bailararako”, esan zuen alkateak. Eta xehetasun gehiago emanez, jakinarazi zuen atzo bertan abiarazi zutela Lantegi Eskola eta dagoeneko aukeratu dituztela bertan ibiliko diren 12 ikasleak, 6 Eibarkoak, 3 Soraluzekoak eta beste 3 Elgoibarkoak.
Hitzarmenak berandu eman
Oposizioari dagokionez, hainbat desadostasun mahai-gaineratu zituzten, Unai Larreategi bozeramailearen eta Maite Quintanilla eta Roke Akizu zinegotzien ahotik.
Lehenik eta behin, salatu zuten bi hitzarmenak osoko bilkura baino bi egun lehenago bakarrik eman dizkiotela EH Bilduri eta horren ondorioz, oposizioak “ala-moduz” egin dizkiela ekarpenak. “Espero dut berriro ere ez gertatzea”, esan zuen Larreategik. Maite Quintanillak ere salatu zuen gaia lantzeko moduak ez direla “egokiak” izan.
Bestetik, kritikatu egin zuten Debegesarekin sinatuko den hitzarmenarekin lotutako proiektua Soraluzeko Udalean landu ez izana, Debegesan baizik. Oposizioaren esanetan, horrek galarazi egin du herriko alderdiek proiektuarekin lotuta proposamenak egiteko aukera. Unai Larreategik esplikatu zuenez, egoera hori dela-eta, gaiarekiko “deskonexioa” sentitzen du oposizioak.
3 soraluzetarrek bakarrik
Lanbide Eskola egokitzeko proiektuari dagokionez, berriz, puntualizatu zuten 2024ko abendura arte funtzionatuko duela bakarrik eta gero “desagertu” egingo dela. Azpimarratu zuten, baita ere, zerbitzu hori bakarrik 3 soraluzetarrek erabiliko dutela. “Plazentzian halako gauzak egiteko premia badago, leku iraunkorrago bat topatu beharko genuke. Guk Pascual Churruca proposatu genuen, baina ez zenuten kasurik egin”.
Azkenik, ikusita Olaldea beste gauza batzuetarako erabiltzen ari direla, bertako Plan Bereziaren garapenarekiko kezka partekatu zuen EH Bilduk, gogora ekarriz, hura garatzea dela Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien artean adostutakoa.
Olaldea, aukera izan bezain laster
Oposizioari erantzunez, Iker Aldazabal alkateak esan zuen Udal Gobernua ahalegintzen dela batzorde guztietan proiektu guztien berri ematen eta oraingoan ere, osoko bilkura baino 48 ordu lehenago pasatu dietela informazioa. Akaso ez nahi bezain osatua, baina “ikusita Lanbide Eskola gaur hasi dela eta bi proiektuek herrirako duten garrantzia, osokoan landu behar ziren”.
Olaldeako Plan Bereziari dagokionez, berriz, alkateak ukatu egin zuen hura alboratu izana, esanez, 2015etik ari direla horri begirako pausoak ematen: pabiloiak erosi, Atxuriko etxea bota etorkizuneko zubia egiteko… “Pascual Churruca komentatzen duzu, baina hor planteatzen zena inasumiblea da (…). Bestalde, Pascual Churrucan bi urte barru eginda egongo diren etxeetan realojatuko dira Olaldeako bizilagunak eta Debabarrenekoponentzia erabakitzen dutenean, ea zorterik dugun eta Olaldea garatzeko baliabideak lortzen diren. Aukera izan bezain laster, Udal Gobernuaren nahia da esparru hori garatzea, baina bien bitartean, goazen esparru hori aprobetxatzera. Ez dugu pentsatzen horrek Olaldeakoetorkizuneko garapena mugatuko duenik; aukera hau ez da laga behar pasatzen eta zuen abstentzioa eskertzen da”.
Plan estrategikoak faltan
Alkateari erantzunez, Unai Larreategik adierazi zuen Lantegi Eskolarena 2024ko abendura artekoa baldin bada, ez dela eragozpen izango Olaldeako Plan Berezia garatzeko, baina haren erabilera luzatuko balitz, Soraluzerendako estrategikoa den Olaldeako garapena ere luzatu egingo litzatekeela. Adierazi zuen baliabide ekonomikoak etorri etorri direla baina horiek zertara bideratu, ikuspegi desberdinak dituztela oposizioak eta gobernuak. “Herriarendako proiektu estrategikoak dira Olaldea eta poligonoko zubia. Gu ez gaude egingo diren ekimenen kontra, baina proiektu estrategikoak faltan daude”.
Kanpoko diruak nora kanpotik erabaki
Ildo beretik, Roke Akizuk adierazi zuen “kanpotik diru mordoa” etorri dela eta kanpotik erabakitzen dutela non inbertitu. “Guk lehentasun batzuk ipintzen ditugu, dirua badator, baina ez doa horietara. Diru horrekin guztiarekin, Pascual Churrucan Lantegi Eskola eginda egongo litzateke”, esan zuen, besteak beste.