Gizarte aktiboagoa ipar, soraluzetarrak jarduera fisikoa egitera bideratuko eta lagunduko dituen egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean, astelehena, Goazen, Soraluze! izenarekin. Aurkezpenean parte hartu dute Iker Aldazabalek (Soraluzeko alkatea), Patricia Borinagak (Osasun, Gizarte Ongizate eta Inmigrazio zinegotzia), Unai Asurmendik (Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria), Maialen Alkortak (zerbitzua kudeatuko duen Athlon enpresako koordinatzailea) eta Malen Ruiz
de Azuak (Jaurlaritzako Mugiment egitasmoko teknikaria).
Orientazio bulegoa martitzenero
Esplikatu dutenez, Goazen, Soraluze! Mugiment ekimenaren aterkipean dago eta haren lan ildo nagusia da jarduera fisikoa bultzatzea. Horretarako, datorren astetik bertatik hasita, Soraluzen kirol orientazio zerbitzua eskainiko dute. Martitzenero, Athlon Kooperatibako Anje Eskartza kirol orientatzailea kiroldegiko Tolarekua aretoan izango da sei orduz, 09:00etatik 13:00ak arte eta 14:00etatik 16:00ak arte, herritarrak artatzen. Bi astetik behin, berriz, anbulatorioan ere egongo da, anbulatoriotik orientazio zerbitzura bideratzen diren herritarrak han bertan artatzeko.
Orientazio zerbitzuan honako pausoak segituko dira:
- 1- Elkarrizketa, norberaren profila ezartzeko; baloratuko da jarduera fisiko maila, historial klinikoa, kirol historiala, nondik zatozen, zelan zauden, ze baliabide dituzun, zaletasunak… eta horrekin guztiarekin programa indibidualizatu bat prestatuko du.
- 2- Banakako programak, udalerriko baliabide komunitarioak aintzat hartuta. Adibidez, oinarrituko da herriak martxan duen kirol eskaintzan edo ekintza aktiboetan. Kiroldegitik apartekoak ere aintzat hartuko ditu. Horrekin batera, ikastaroak, jarduerak, taldeak… ezagututa saiatuko da herritarrak komunitatean txertatzen eta horren bitartez, ohitura aktiboagoak barnera dezaten laguntzen.
- 3- Jarraipena: betiere, motibazioan eta hobekuntza proposamenetan oinarrituta.
- 4- Ebaluazioa: helburuen lorpenak aztertu.
Herritar guztiendako
Azpimarratu dutenez, Goazen, Soraluze! egitasmoaren jomugan pertsona inaktiboak daude, baina orientazio bulegora edozein herritar bertara daiteke. “Zerbitzua herritar inaktiboak hautatu eta erakartzeko da, baina kirolean hobekuntzak egin nahi dituztenak ere bertara daitezke: egon daiteke herritar bat egunero hiru ordu ibiltzen dena baina bakarrik ibili egiten da; akaso proposa dakioke indarreko ariketak lantzea masa muskularra hobetzeko… inportanteena da etorri, azterketa egin eta hobekuntzak proposatzea”, esplikatu du Athlon kooperatibako Maialen Alkortak.
Elkarteekin eta eragileekin elkarlanean
Hark gaineratu duenez, batez ere, “osasun etxea eta Udaleko Ongizate saila izango dira deribazio-iturri nagusiak”, baina Goazen, Soraluze! egitasmoko teknikariak ere joango dira jende bila: “Osasun etxean badute aplikazio bat bertatik jendea zuzenean bidaltzeko orientazio zerbitzura. Baina teknikariok ere joango gara, adibidez, erretiratuen etxera, hezkuntzara… herritarrak hona ekartzeko geu ere gerturatuko gara”. Halaber, zerbitzuaren koordinatzaile Alkortak “ezinbesteko” ikusten du herriko eragileen arteko elkarlana: “Eragile, elkarte eta entitateen arteko elkarlana egingo da, ahalik eta herritar gehiengoarengana heltzeko eta komunitatean eragiteko, adin tarte guztietara”.
Komunitarioa
Hori berori azpimarratu du Unai Asurmendi Diputazioko ordezkariak: “Proiektuak izan behar du komunitarioa, ikuspegi komunitarioan txertatzen den errezeta batek arrakasta handiagoa duelako jokabide aldaketa eragiteko. Geroz eta komunitarioa izan arrakasta handiagoa du. Plaentxik badauka tamaina nahiko polita komunitateko hainbat gauza kanpoan dauden horiek entxufatzeko. Erronka sozial batzuei eragiteko, osasungarria izateaz aparte, komunitatearen garapenerako aukerak ere eskaintzen ditu. Balio du, baita ere, termometro gisa, akaso identifikatzeko gure erakundeak sortu ez dituen ekimenak. Eta akaso antola daitezke talde espezifikoak…”
“Lortu nahi duguna da jarduera fisikoa bultzatzea eta sedentarismoa murriztera bideratutako ekimen horren bidez, pertsona horiengan jokabide aldaketa”, esplikatu du Malen Ruiz de Azua Eusko Jaurlaritzako Mugiment egitasmoko teknikariak.
Soraluzekoa, Gipuzkoan izango den 19. orientazio zerbitzua izango da eta Euskal Autonomia Erkidegoko 33.a.
Soraluzeko kirol orientazioari buruz informazio gehiago edo bestelakoren bat behar izanez gero:
688609906
goazensoraluze@athlonosasuna.eus