1.080 euroko gutxieneko pentsioa bai ala bai

Ubane Madera Zangitu 2023ko ots. 6a, 12:25

Gaur, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldeko argudioak plazaratu dituzte. Ezinbesteko ikusten dute kopuru hori, are gehiago orain, Estatuko gobernuak gutxieneko soldata 1.080 euroan ezarri duen honetan. 

Halaber, Jaurlaritzatik ezarri duen EAEko diru-sarrerak bermatzeko 1.013,5eko errenta (DSBE) 1.080 euroetatik gertu egon arren, pentsiodunen mugimendutik gogora ekarri dute errenta hori 12 ordainsaritan kobratzen dela eta pentsioa, berriz, 14 ordainsaritan jasotzen dela, beraz, urtean, 2.958 euroko aldea dago. Hori horrela, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen segitzeko beharra ikusten dute. 

Horrekin batera, gogora ekarri dutenez, 1.080 euro ez edukitzeak “larriagotu” egiten ditu “pentsiodun askoren bizi-baldintza penagarriak, bereziki 1.000 eurotik beherako pentsioa duten 170.000 pentsiodunenak”. Eta, gogora ekarri dutenez, kotizaziorik gabeko pentsiodunen %17,5ek bakarrik jasotzen dute osagarriren bat DSBEren bidez.

Bestalde, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatari (LGS) dagokionez, gogora ekarri dute bost urte pasa daramatzatela 1.200 euroko soldata erreklamatzen eta beraz, gutxiegi iruditzen zaie orain Estatuko gobernutik ezarriko duten 1.080 euroko kopurua. Uste dute, baita ere, kopuru hori urrun dagoela Estatuko batez besteko soldataren %60tik, “askoz urrunago” EAEko eta Nafarroako batez bestekotik.

Pentsioak osatzeko eskaera

Esandakoarengatik guztiagatik, segituko dute 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen eta  EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatuko diete dauden pentsioak osa ditzatela kopuru horretara iritsi arte.

Azkenik, jakinarazi dute astebeteko mobilizazioa prestatzen ari direla, martxoaren 13tik 18ra bitartean, baraualdia eta martxoaren 18an egingo den manifestazioa tarteko.