Elkarrizketa

Iñaki Goenaga: "Kirol aholkularia hartzeko helburuak izan daitezke lehiatzea zein bizitzaren kalitatea hobetzea"

Ubane Madera Zangitu 2023ko urt. 31a, 09:22

Iñaki Goenaga Aristi (Soraluze, 1994), Katalunian IVEF ikasketak egin zituen, 2015etik 2019ra. Han bizitzen egon zen, hilean behin hona etorri bisitan eta 2019ko udatik Soraluzen bizi da. Nahiko luke ikasketetatik bizi.

Zer lortu nahiko zenuke?

Kirol mundua dut gehien gustuko, niretzat zein lanerako. Karrera amaitu nuenetik nabil mundu horretan. Hainbat herritan egon naiz jende askorekin, entrenatzaile pertsonal modura. Bergarako kiroldegian, Agorrosinen, Elgoibarren, BSTn, Ondarrun… Asko gustatu zaidan gauza bat izan da, herrian ez dago halako ezer eta behar hori ikusi eta berau asebetetzeko aukera dago. Bat zetozen herriko hutsune hori eta nire nahia uztartuta, zerbait interesgarria irten zitekeela pentsatu nuen.

Gainera, hasita zaude lanean.

Bai. Soraluzen aurreko astean hasi nintzen, gutxi batzuekin. Momentuz, lagunak edo ezagunak dira. Baina ideia da adin guztietarako zerbitzua izatea eta nahi duen jende guztiak esatea niri zein helburu edo nahi dituen.

Zer da eskaintzen duzuna?

Batez ere bakarkako entrenamenduak, binaka ere egin daiteke. Ahal da egin toki desberdinetan, egokituko naiz pertsona horren nahietara, kiroldegian, bere etxean, parkean (Txurrukeneko kalisteniako parkean…) eta materialik ez badu etxean, neuk eraman ahal dut. Neu egokitzen naiz jendearen beharretara edo helburuetara eta entrenamenduak ere horretara egokitzen dira.

Edozeinendako moduko zerbitzua da zurea edo kirolariendakoa?

Edozein profiletara egokitu ahal naiz. Ez da zertan izan pertsona kirolari bat edo fisikoki ondo dagoena. Askotan kontrakoa; oso ona izan daiteke norbere egunerokoan aktibitate batzuk egiteko mugak ikusten dituenarendako, edozein motako arazoei laguntza emateko. Adibidez, badago jendea arazoak dituena erosketak etxera eramateko edo eskailerak igotzeko. Helburuak izan daitezke lehiatzeko zein bizitzaren kalitatea hobetzeko.

Komenigarri ikusten duzu aholkularitza kirol ariketa batzuk egiteko?

Gimnasioan dezente ikusten dira ezjakintasunarekin hasten direnak. Dibertsio puntu bat badu, baina edozeinek edozein modutan lau gauza Interneten irakurri edo bideoak ikusita pentsatzen dute gai direla edozein ariketa egiteko eta hori baino askoz zailagoa da. Erraza da lesionatzea ariketak ondo egiten ez baduzu. Aholkularitza izatea inportantea da, beste arlo askotan moduan.

Zelako onurak ematen ditu kirol aholkularia izateak?

Asko izan ahal dira. Bata da planifikatuta eta organizatuta izatean, entrenamenduen kalitatea asko igotzen dela. Beste bat da badagoela jendea bere kabuz diziplina edo exijentzia puntua mantentzea kosta egiten zaiona. Horrekin, hori dena neuk bultzatzen dut. Konstantzia bai ala bai, entrenamenduak bai ala bai; neu egongo nintzateke jarraipenaren pendiente eta askoz errazagoa da pertsona horrek kirola egitea eta kirola egitea ondo. Azkenik, denbora aldetik, adibidez, etxean entrenatuz gero, desplazamendurik egin gabe ez da minutu bat bera ere galtzen. 

Zelako saioak dira?

Ordubeteko saioak izaten dira. Tarifa desberdinak daude, jendearen eskaeretara egokituta. Oinarri batzuk daude, baina hortik aurrerakoa adostu egin daiteke pertsonarendako zein niretzat. Onena da konbinatzea saio presentzialak zein egin beharreko ariketak. Jarraipena egiten zaio aplikazio bitartez. Ordutegia honakoa da: astelehen, asteazken eta ostiral egun osoan, asteartean eta ostegunean, 12:00etatik 17:00etara. 

Besterik nahi baduzu esan…

Kiroldegiko kortxoan eta Mendizabal okindegian QR kodeak daude. Lau orriko dokumentua zabaldu eta hor daude xehetasun denak jasota. Dena den, harremanetarako: 688640535. Plaentxitrainer@gmail.com. Eta aholkularitza presentziala edo online, biak egin daitezkeela. Bi adar desberdin dira, baina bateratu egin ahal dira, pakete bat osatu biekin. Iruñeko pertsona bati, adibidez, planifikazioa eramango diot, online. Drive bitartez planifikazioak bidali eta jarraipena egin, eta, bideo-deiak ere egin daitezke.