Aztergai ditugun XXI. Mendeko lehen bi hamarkadetako datuek erakusten dutenez, Soraluzek 80ko hamarkadatik zekarren beheranzko joerari eutsi dio - Soraluzeko biztanleriak 70eko hamarkadan jo zuen goia; garai hartan 5.659 biztanle izatera iritsi zen- eta oro har, urtez urte, biztanleak galdu ditu. Soraluzek 2001ean baino 246 biztanle gutxiago ditu 2021ean; eta horrek esan nahi du azken bi hamarkadatan bere populazioa -%6 gutxitu dela. Hogei urtean, Soraluze 4.084 biztanle izatetik 3.838 izatera pasatu da 246 biztanle galduta. Batez beste, urtean, hamabi biztanle galdu ditu. Gainera, Eustatek argitaratu berri dituen datuen arabera, 2022an Soraluze 3.733 biztanletara jeitsi da, 65 biztanle galduta. Datu horiek argi erakusten dute, pandemia urtean eta pandemia osteko urtean, galera nabarmen areagotu dela.
Debabarreneko herrien artean, Soraluze da ehunekotan biztanle gehien galdu dituen herria. Bailarako zortzi herrien hazkundeari erreparatuz gero, agerikoak dira aldeak. Bailarako hiru herritan, behera egin du herritar kopuruak: Eibarren -%4, Ermuan -%5, eta Soraluzen -%6. Gainerako herrietan gora; bereziki, Mendaron, %34 hazi baita bertako biztanlegoa, Mutrikun %10, Elgoibarren %7, Deban %6 eta Mallabian %4.
Debabarrena, gutxien hazi den eskualdea
Eskualdeko datuei begiratuz gero, ikusten da 20 urte horietan Debabarreneko biztanleria %1 hazi dela: 569 pertsona gehiago –gaur egun, 55.170 lagun bizi dira Debabarrenean-. Hazkundea txikia da. Izan ere, Hego Euskal Herriko beste eskualde eta lurralde batzuek izan dutenarekin alderatuz gero, Debabarrenak izan duen hazkundea apalagoa izan da; Gipuzkoan gutxien hazi den eskualdea izan da, Debagoienaren atzetik (debagoiendarrak %1,9 hazi dira). Hego Euskal Herriari dagokionez: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa batuta, populazioa %8,32 hazi da; Gipuzkoan %6,91.
Hil gehiago jaio baino
Soraluzeko datuetara bueltatuta, jaiotza eta heriotza kopuruei dagokienez, azken urteotan Soraluzen hil diren pertsonak gehiago dira jaio direnak baino. Hala, 2001etik 2021era bitartean, herrian 721 pertsona jaio dira eta 946 pertsona hil, jaio direnak baino 225 gehiago. Urte horietako bataz bestekoari erreparatuz gero, Soraluzen, urtean 36 pertsona jaiotzen dira eta hil, berriz, gehiago, 47.
Urteotan heriotza-tasa nahikoa egonkor bada, ez da gauza bera gertatzen jaiotza tasarekin. Urtez urte gorabehera handiak izaten dira eta gainera, bi hamarkadetako bilakaerari begiratuta, joera beheranzkoa da, batez ere, 2016tik aurrera. 2015era arte, jaiotza-tasa %9,32koa izan da, baina 2016tik aurrera, batezbestekoa %6,97ra jaitsi da. 2021eko datuei erreparatuta, Soraluzek %5,73ko jaiotza tasa izan zuen, Debabarreneko bosgarren altuena. Tasarik altuena Elgoibarrek izan zuen %7,73arekin eta baxuena, berriz, Ermuak, %4,75arekin.
Gero eta migrazio gehiago
Hogei urteko datuei erreparatuta, gehiago dira herritik alde egin duten pertsonak herrira bizitzera etorri direnak baino, aldea oso txikia den arren. Udaletxeko erregistroaren arabera, hogei urtean kanpotik 3.791 pertsona etorri dira herrira eta joan, berriz, 3.864 pertsona joan dira kanpora bizitzera, 73 gehiago. Bataz beste, urtero 190 pertsona etorri dira eta 193 pertsona joan.
Nazionalitateari dagokionez, herrira datozen pertsonen artean nabarmenki nazionalitate ez-espainiarra duten herritarrak dira nagusi (%57) eta doazenen artean, berriz, gehiago dira nazionalitate espainiarra duten herritarrak (%59). 2021ean, Soraluzen bizi ziren 3.838 biztanleen artean, %69,98ak EAEko jatorria zuen, %16,39ak Estatukoa edo Nafarroakoa eta %13,63ak Estatutik kanpoko herrialde batekoa.
Zahartzen ari den herria
Adin tarteen bilakaerari erreparatuz gero, datuek erakusten dute Soraluze zahartzen ari den herria dela, erritmoa nahiko mantsoa bada ere. Izan ere, azken hogei urteetan 60 urtetik gorako biztanleen kopuruak gora egin badu ere, 20 urtetik beherakoen kopurua ere hazi egin da, hori bai, bigarren multzo hau neurri txikiagoan.
2001ean, Soraluzeko biztanleen %14,62ak zuen 20 urte baino gutxiago; eta 2021ean, %18,19ak; hau da, bi hamarkadatan biztanlerik gazteenen ehunekoak 3,57 puntu egin du gora. 60 urtetik gorakoen kasuan, baina, gorakada 4,97 puntukoa izan da: 2001ean, biztanleriaren %28,04a ziren eta 2021ean, %33,01a. Dena den, gorabehera handiena 20 eta 59 urte artekoen artean izan da: biztanleriaren %57,34 izatetik %48,8 izatera pasatu baitira; gazteenen eta zaharrenen artean dagoen adin multzo horrek 8,54 puntu egin du behera hogei urtean.
Debabarrenean, 60 urtetik gorako biztanleak %30,98 dira eta herriz herriko datuei begiratuta, Soraluze 6. postuan dago zortzi herrien zerrendan. Biztanle zaharren tasarik altuena duen herria Ermua da %34,12arekin eta baxuena duena, berriz, Mendaro %24,18arekin. Gipuzkoako batezbestekoa Soraluzekoa baino beheraxeago dago: %31,19; eta Hego Euskal Herrikoa ere bai: %30,25.