Komunitatea erdigunean, Elorrion, elikadura, energia eta beste arlo batzuk garatzeko sortzear dagoen energia komunitatearen esperientziaz jardun zuen komunitateko kide Mikel Irizarrek.
Garbi egin zuen berba halako komunitateen onurez, ez bakarrik proiektu energetikoekin lotuta, baizik eta baita bestelako arloetan herriek garatu dezaketen burujabetzari begira ere. Hark azpimarratu zuen gaur egun oso aukera ona ematen dutela Europar Batasunetik bideratutako dirulaguntzek energia komunitateen sorkuntzarako.
Era berean, Irizarrek azaldu zuen lehen pausoa energiaren kontsumoa gutxitzea dela, baina behin kontsumoa gutxituta, behar dugun energia hori ahalik eta modurik burujabeenean lortzeko pausoak eman behar direla, herritarren zein erakundeen eskutik. Halaber, uste du energia ekoizpen anitza garatzeak instalazio handiak ekiditea ekar dezakeela eta instalaziook herriaren beharretara dimentsionatutakoak izan behar direla, eta ez irabazi ekonomikoak lortzeko pentsatutakoak.
Oñatin bertan sortu, banatu eta merkaturatzea helburu
Oñatin, berriz, enpresa publikoen bitartez sortzen dute energia eta herritarren artean banatu ere bai. Herriko energia domestiko guztia asetzeko beste ekoizten du Oñatiko Ur-jauziak izeneko enpresa publikoak, uraren indarra baliatuta. Herrian sortutakoa bertako enpresa batek banatzen du, Oñargik. Merkaturatzearen kontrol publikoa eskuratzea dute erronkatzat.
Horren berri ematera bertaratu zen Xabier Igartua Oñatiko Udaleko zinegotzia eta datu ugari partekatu zituen. Adibidez, Oñatiko Ur-jauziek zein Oñargik launa langile publiko dituzte.
Oñatiko ur-jauziak enpresak 400.000 euroko irabaziak izan ditu eta Oñargik, berriz, energiaren prezioaren garestitzea tarteko, 1.400.000 eurokoak. Datu horiek mahaigainean, Igartuak salatu zuen energiaren oligopolioek zenbaterainoko irabaziak izaten dituzten, Oñatin lau langilek kudeatutako enpresa batek irabaz dezakeena jakinda; enpresa horiek gezurretan ibiltzen direla ere salatu zuen Igartuak eta horrekin batera, jakinarazi zuen Oñatin sortutako energiaren merkaturatzailea ez duenez Oñatiko Udalak kontrolatzen, energia enpresa handiek baldintzatutako merkatuak zehazten dituela oñatiarrek energiarengatik ordaindu behar dutena eta gaur egun, beste edozein herritarrek bezain beste ordaintzen dutela.
Igartuaren ustez, hori ez da bidezkoa, are gehiago kontuan izanda energia oinarrizkoa dela herritarrendako. Gauzak horrela, esan bezala, Oñatiko Udalaren hurrengo erronka merkaturatzaile publikoa sortzea izango da, herritarrek energiarengatik prezio justua ordain dezaten eta herrian bertan itxi dadin energiaren zikloa.
Behar handiak
Baina horrekin batera, Igartuak gogora ekarri zuen Oñatiko etxeetarako energia herrian bertan ekoiztu arren, hori ez dela nahikoa Oñatin (industria eta bestelako azpiegiturak aintzat hartuta) dituzten energia beharrak asetzeko. Beraz, bide horretan ere pausoak eman beharra dagoela azaldu zuen, energia enpresa handiekiko dependentzia gutxitzeko, besteak beste, industriaren ekoizpen ereduak birpentsatuz.
Azkenik, Iker Aldazabalek Sologoeneko zentral hidroelektrikoak ekoizten duen energiaren datuen berri eman zuen, baita funtzionamenduari eta egiturari dagozkionak ere. Aldazabalek adierazi zuen bertan sortutako energia zuzenean herriko eraikin publikoetan erabili ahal izatea erronkatzat duela Udalak, gaur egun, ekoiztutakoa sare orokorrera pasatzen baita.
Orexako esperientziaren berri jakiteko, klikatu hemen.