Gaurko jardunaldian, batetik, Orexako Udalaren lana ezagutaraziko da, eguzki-energiarekin lotura duena. Eguzki instalazio fotovoltaikoak instalatu ditu hainbat eraikinetan, azkena Oihan Txiki kooperatibaren teilatuan. Esperientziaren gaineko xehetasunak emango ditu Eneko Maioz Orexako alkateak.
Bestetik, Elorrion, Energia Berriztagarrien Komunitateak sortzeko ekimena ari dira garatzen, Goiener Kooperatiba bidelagun dutela. Esperientzia horren berri emango du Mikel Irizarrek.
Uraren indarra Oñatin eta Soraluzen
Hirugarrenik, Oñatin, uraren indarra ari dira baliatzen. Oñatiko Ur-jauziak enpresa publikoa arduratzen da energia berriztagarri hori ekoizteaz. Eredu horren gaineko xehetasunak emango ditu Oñatiko Udaleko Ogasun Batzordeko buru den Xabier Igartuak.
Azkenik, Soraluzen ere, uraren indarra baliatzen du Sologoeneko zentral hidroelektrikoak energia ekoizteko. Udala da zentralaren jabe. Instalazio horren gaineko xehetasunak emango ditu Iker Aldazabal herriko alkateak.
Bestalde, ezin bestela izan eta Karakaten eraiki nahi duten zentral eolikoaren gaineko proiektua zertan den azalduko dute Karakate Bizirik plataformako kideek eurek.