Soraluzeko saihesbidetik pasako da Itzulia

Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 11:11

Itzuliaren 6. etapa Eibarren aurkeztu zuten.

Aurten jokatuko den Itzuliaren 62. edizioko seigarren etapa, lasterketako nagusia, Soraluzeko saihesbidetik pasatuko da, Bergaratik Eibarrerako bidean. Itzulia apirilaren 3tik 8ra jokatuko da eta etapa nagusia azkeneko egunean apirilaren 8an izango da. Bestalde, aurten, martxa zikloturista ere izango da eta bertan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago.

Aurtengo Itzulian, txirrindulariak apirilaren 3an Gasteiztik irten eta Eibarren bukatuko dute sei eguneko lasterketa. 

Azken etapa izango da nagusia. Guztira 137,8 kilometroko ibilbidea eta 3.600 metro baino gehiagoko desnibela izango du: “Orotara 7 mendate puntuagarri izango ditu, horietako hiru lehen kategoriakoak. Hala, lehiakideek berriz ere Azurki, Gorla eta Krabelin mendateak igo beharko dituzte. Azken mendate horretako aldapa nabarmenak kontuan hartuz, gerta daiteke lasterketa bertan erabakitzea, aurreko urteetan gertatu bezala. Eguneko azken-aurreko mendatea Ixua izango da; zenbait urtez Itzulia lasterketako ibilbidean agertu gabe egon ondoren, aurten txirrindulariak hartuko ditu berriz ere”, adierazi zuten antolatzaileek.

Etapa hori Eibarren hasi eta bertan bukatuko da eta bidean, Soraluzeko saihesbidetik pasatuko dira txirrindulariak, Krabelin mendateari aurre egin baino lehen.

Martxa zikloturista

Bestalde, aurten berritasunekin dator Itzulia, tartean, bere martxa zikloturista izango baitu. Itzuliako lehen proba zikloturista izango da eta Eibarren egingo da, etapa nagusiaren biharamunean, apirilaren 9an.

Azaldu dutenez, “lasterketa honek bi ibilbide eskainiko ditu; batetik, World Tour delakoa izango da,eta txirrindulari profesionalek egingo duten etapa nagusiko ibilbide berbera izango du; bestetik, beste ibilbide laburrago bat eskainiko da, ez horren gogorra: iraupen erdiko ibilbidea izango da eta 80,6 kilometroko luzera eta 2.100 metro baino gehiagoko desnibela izango du; lau mendate zeharkatuko ditu, bi mendate lehen kategorikoak, mendate bat bigarren kategoriakoa eta azkena hirugarren kategoriakoa”.

Itzulia Basque Challenge 2023 egitasmoan parte hartzeko epea zabalik dago eta izen-ematea Itzuliaren webgunean egin daiteke. Bertan daude, baita ere, probari buruzko azalpen guztiak.