Igoera fasea jokatzeko txartela eskuratu du Sorak

Ubane Madera Zangitu 2023ko urt. 16a, 18:26

Atzo, domeka, Sorako Erregional mailako taldeak 4-1 irabazi zuen Zestoaren kontrako partida. Harmailak eta futbol zelaiko taberna ingurua beteta zeudela, ikusleek pozarren txalotu zuten Soraren garaipena. Izan ere, atzokoari esker, Igoera fasea jokatzeko sailkatu da etxeko taldea. Urtarrilaren 28ko asteburuan jokatuko dute lehen partida. Bestalde, Sorako kadete mailako taldeak ere egin du berea, sailkapenean lider izateaz gainera, Igoera faserako sailkatu da. 

Atzo, erasokor aurre egin zion Sora Futbol Taldeak Zestoari partidaren lehen minututik. Irabazteko asmoarekin zelairatu ziren etxeko mutilak. Horren erakusle, hainbat gol-aukera sortu zituzten hasieratik. 17.minutuan, falta baten ondotik etorri zen lehen gola. Beñatek atera zuen, Zestoa ezustean harrapatu zuen pasea egin zion Borjari, hark atearen aurrera korrika iritsi zen Jon Ander Ormaetxea Txonani pasatu zion eta arrasatearrak partidako lehen gola egin zuen.  

Gola ospatu arren, bakarrarekin konforme ez eta tonu berean segitu zuten Sorako futbolariek, Zestoaren atea zulatzen segitu nahian. Laster, 20. minutuan lortu zuten bigarren gola, Antxon Zubiaurreren erremate ikusgarri bati esker. Hortik eta atsedenaldira arte, tinko eutsi zioten partidari. Sendo jardun zuten defentsakoek eta atezainak eta atsedenaldira 2-0 irabazten iritsi ziren.

Estevezek egundoko gola

Bigarren zatian, Zestoa indartsu zelairatu zen, baina ez zuen lortu Sora zokoratzerik eta etxekoek erasoari eutsi egin zioten. Halaxe, 61. minutuan Aitor Estevezek egundoko gola sartu zuen; ostikada gogor batez, 3-0a jarri zuen markagailuan.

Baina etxekoen hirugarrenaren ondoren, Zestoak presioa areagotu egin zuen eta handik 7 minutu eskasera, 68. minutuan gola sartu zion Sorari. 

Hortik aurrera, batak zein besteak, bi ekipoak saiatu ziren gol gehiago eskuratzen. Azkenean, partida luzapenean zegoela, Aitor Barrutiak Zestoarena zen baloi bat lapurtu, Moha aurreratuta zegoela ikusi eta pase eder bat egin zion gazteari, Mohamed El Touinik baloia atezainaren gainetik jaso eta Soraren laugarren gola egin zuten, bi toketan.  

Urtarrilaren 29ako asteburuan Igoera fasea

Atzokoa irabazita, iaz galdu zuen Gorengo mailara igotzeko Igoera fasea jokatuko du Sorak. Gaur eguerdian egin dute multzoen zozketa. Zortzi taldeko bi multzok jokatuko dute. Sorari honakoa tokatu zaio: Zumaiako, Idiazabal, Amara Berri, Antigua Luberri, Lazkao, Eibartarrak eta Zestoa. 

Urtarrilaren 29ko asteburuan hasiko dute Igoera fasea, maiatzaren 28ra arte. Orain artekoa baino zailagoa izango da ligaxka hori, multzo bakoitzeko onenak sailkatu Igoera faserako.

Kadeteak ere bikain

Bestalde, Kadeteek ere bukatu dute liga, bikain bukatu ere. Sailkapen orokorrean lehenengo sailkatu dira euren taldean, bi partida izan ezik gainerako guztiak irabazita. Horri esker, eurek ere jokatuko dute Kadeteen Gorengo mailara igotzeko Igoera fasea. Nagusien egutegi berbera izango dute eta honako taldeak izango dituzte aurkari: Santo Tomas Lizeoa, Arrupe Chaminade, Tolosa, Aloña Mendi, Arrasate, Kostkas eta Allerru.