Mundu mailako eta hurragoko artisten margolanen bilduma ikusgarria osatu du Alberto Ramirezek Begirada bat atzera, pausu bat aurrera erakusketan. Tartean dira Picasso, Montalvan, Tapies, Chillida, Simon Arrieta, Azkargorta, Beorlegi, Keixeta, Zumeta, Malevich-en eskolaren jarraitzaileak, Fernand Lambert, Azkargorta aita-semeak, Nikolas Mujika, Andrade, Rafael Peñalver, Manolo Oyonarte, Ceballos, Arroyo, Elorza, Arruabarrena, Serzo, Chillida, Bingen de Pedro, A. Sarasketa, A. Etxeberria edo Ralf Horton.
Neurri eta estilo askotako margolanak, grabatuak eta bozetoak dira galerian ikusgai daudenak. Artelan batzuk Ramirezen beraren kolekziokoak dira eta artistek edo kolekzionisten lagatakoak gainerakoak. Artea eta artistak omentzea da Ramirezen helburua: "Maisu handiei eta galerian gonbidatu izan ditudan artistei egindako omenaldia da. Arteari egindako omenaldia", azaldu du Ramirezek.
Erakusketa barixaku iluntzean inauguratu zen eta sortzaile eta artezale ugari bildu ziren Gabolatseko lokalean. Aurrera, hilaren amaierara arte izango da ikusgai, astegunetan, arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara bitartean.