Handia denik ezin ukatu, dronearekin airetik hartu duten irudian ikus daitekeen moduan, Mintxeta kirolgunea bera baino luzeagoa baita pankarta. Eta ez dute edonondik ondo ikusteko modukoa izateko bakarrik hautatu tamaina hori, Karakate gainean jarri asmo dituzten dorre eolikoeen neurri berekoa baita pankarta: 180 metro luze zutoinak, eta 70 metro hegalek.
'Mendietan ez! Karakate bizirik' mezua darama idatzia, hiru zatitan, eolikoa irudikatzen duen pankartak, horixe baita euren aldarrikapena, energia eolikoaren alde daudela diote baina ez dituzte dorre eolikoak mendietan nahi, Elgoibarko kasuan Karakate bere horretan lagatzea nahi dute, eolikorik gabe.
Karakate Bizirik Plataformak domeka goizean Mintxeta inguruan jokatuko den Mugertza krosak duen ikusgarritasuna eta irismena baliatu nahi du bere aldarrikapenak zabaltzeko, jakin baidaikite oihartzun handia duela..
Mintxeta baserrikoei zelaia erabiltzeko baimena eskatu eta jaso ostean, pankarta bere lekuan ipintzea ez dela lan erraza izan aitortu dute, "inondik ere". Hiru egun behar izan dituzte, "letrak oihalean pintatzen hiru bat arratsalde pasa ditugu, eta gaur 9:00etatik 15:00etara jardun dugu pankarta zelaian kokatzen", azaldu dute. Egin duen hego haize indartsua eta euria oztopo handia izan direla azaldu dute, eta pankarta zelaira lotzeko eta egonkortzeko hasieran uste zutena baino iltze gehiago erabili behar izan dituzte, "150 bat iltze bai gutxienez, beste euskarri batzuez gainera. Bi metrotik behin sartu ditugu iltzeak, eta hala ere nahikoa lan eduki dugu".
Elgoibarko Karakate Bizirik taldeak publikoki ere eskerrak eman nahi dizkio Mintxeta baserriko bizilagunei, zelaia erabiltzen lagatzeaatik eta Ion Urbietari eta Joseba Olazabali ere eman dizkiote eskerrak dronearekin irudiak hartzeagatik.