Karakate babesteko eskaera helarazteko deia

Ubane Madera Zangitu 2023ko urt. 5a, 10:05

Azken asteotan, Debabarreneko Lurralde Plan Partziala (LPP-PTP) berritzeko prozesuaren baitan, herritarrek ekarpenak egiteko aukera dute. Hori baliatuta, Soraluzeko Karakate Bizirik plataformak deia egin die herritarrei helaraz dezaten Karakate babesteko aldarria. Proposamena da Ingurune Naturala izeneko atalean, norberak idazteko aukeraren barruan, honako esaldia bidaltzea: Elosua-Plazentzia mendilerro osoari erabateko babesa emateko eskatzen dut, bere balio geologiko, paisajistiko, ekologiko, arkeologiko, sozial, natural eta espiritualarengatik.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila ari da Debabarreneko Lurralde Plan Partzialaren (LPP-PTP) diagnostikoa egiten. Prozesu horren baitan, bederatzi alor landuko ditu eta herritarrek aukera dute hasierako prozesu horretan parte hartzeko, alorren gaineko norbere iritzia emanez.

Landuko dituen alorren artean Ingurune Naturala izenekoa dago. Bada, Karakate Bizirik plataformak deia egin du herritarrek horra helaraz diezaien agintariei Karakate babesteko eskaera.

Bost pauso besterik ez

Honako pausoak jarraitu behar dira parte hartzeko:

Hemen klikatuta barrura sartu,

  • Aukeratu hizkuntza,
  • Klikatu “Ingurune Naturala” atala,
  • Onartu terminoak eta baldintzak,
  • Zonaldearen inguruko inkestatxo bat bete (Maparena bete gabe laga daiteke),
  • Bukaeran, aukera dago norberak idazteko. Plataformako proposamena da hauxe idaztea: Elosua-Plazentzia mendilerro osoari erabateko babesa emateko eskatzen dut, bere balio geologiko, paisajistiko, ekologiko, arkeologiko, sozial, natural eta espiritualarengatik.