Urriaren 24tik, Debabarreneko Mankomunitateak bi pertsona kontratatu zituen edukiontzi marroitik organikoak ez diren hondakinak ateratzeko. Astelehenetik barikura bitartean ibili dira ikuskaritzak egiten eskualdeko herri guztietan eta puntu kritikoak identifikatu dituzte.
Soraluzeko kasuan, puntu kritiko modura hartu ditute aste batean 15 poltsatik gora inpropio detektatu dituzten hondakin-puntuak eta halako bost identifikatu dituzte:
- Atxuri 17an, organikoa ez den 15 poltsa hondakin aurkitu dituzte edukiontzi marroian.
- Ezozibideko 8.ean, 24 poltsa aurkitu dituzte.
- Baltegieta 5ean, 17 poltsa inpropio aurkitu dituzte organikoan.
- Loralde 3an, 36 poltsa inpropio.
- Errekalde 26an, 15 poltsa inpropio.
Erraustegira
Bio-hondakinen edukiontzietara botatako inpropio horien ondorioz, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak dagoeneko jaso du Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren abisua. Izan ere, ezin izan da konpostik egin inpropioak zituzten edukiontzi marroietako bio-hondakinekin, erraustegira bideratu behar izan dira.
Halaber, horrek hondakinen tasan handitzea ere badakar, %5eko inpropio tasatik pasatuz gero, bio-hondakinen kamioi guztiak errefus moduan har baititzakete egoera konpondu artean, eta, horrek ekarriko duena da tona bakoitza 143 euro ordaindu beharrean 186 euro ordaindu behar izatea. Eta edukiontzi horietako hondakin guztiak errefusera botatzea eta ondorioz, erraustegira.
Isunak
Egoera ikusita, Soraluzeko puntu kritikoen inguruko etxebizitzetan ipinitako ohartarazpen kartelen bitartez, Mankomunitateak ohartarazi du puntu horien jarraipena egingo duela eta ikusiz gero inpropioa botatzen jarraitzen dela, inpropioak bota dituen bizilagun horri espediente zigortzailea zabalduko diotela, bestela esanda, 600 eurora arteko isunak ipin ditzaketela.
Azpimarratu dute, hori bai, jendearen %90ak ondo egiten duela hondakinen banaketa, beraz, “norbaitek ez badu banatu nahi, mesedez botatzeko errefusera eta organikoko edukiontziak lagatzeko bakean”, esan dute.