Asko lortu da baina oraindik falta da

Ubane Madera Zangitu 2023ko urt. 1a, 11:19

Atzo, abenduak 31, euskal presoak gogoan zituztela agurtu zuten urtea 75 bat herritarrek, Plaza Berrian elkarretaratzea eginda. Azpimarratu zuten, “azken 34 urteotako zaintza lanari esker, euskal presoak gertuago” daudela orain eta hori “balioan jarri” beharra dagoela. Horrekin batera, baina, euskal presoen eskubideen aldeko borrokari eusteko beharra mahai-gaineratu zuten, “etxeratze prozesua bururaino eraman arte”. Ildo horretan, urtarrilaren 7ko manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten.

Egun berezi hauetan, oraindik orain etxe askotan dagoen “hutsunea” ekarri zuten gogora atzoko elkarretaratzean. Azpimarratu zuten gaur egun euskal presoak “gertuago” daudela eta horrek “izugarrizko zama gainetik kentzea” dakarrela eta hori guztia “balioan” jarri behar dela.

Baina horrekin batera, azpimarratu zuten “oraindik bide luze bat” dagoela egiteko, “asko baitira, legeak dion baldintza guztiak beteta, baimenik jasotzen ari ez direnak adibidez, edo/eta 3. graduan 110 presok egon beharko lukete, eta soilik 33 daude… (…) Madrilgo oldarraldiak oztopo dira bide horretan”, salatu zuten. Adibide modura, jakinarazi zuten 13 preso epaiaren zain daudela eta “entzutegi nazionalaren fiskaltzaren errekurtsoak etengabeak” direla.

Hori horrela, berretsi zuten “etxeratze prozesua bururaino eraman arte, elkarlana, aktibazioa eta mobilizazioa sustatzen” jarraituko dutela, “hori delako egoera hau eraldatzeko aukera bakarra”.

Autobuserako izen-ematea zabalik

Zentzu horretan, dei egin zuten urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko, “preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuaren alde egingo dugu, salbuespen neurri guztien kontra”. Bilbora joateko autobusak izango dira Soraluzetik eta atzo esan zutenez, dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.