Etxean, urrindik etaratakoa urakapin txarrikerixa bat besterik ez zala egiaztatu ebanian, “zirixa sartu jostak berriro” pentsatu bai, baina gure fotografua ez zan desanimatu. Handik egun gitxi barru, urpekari trajia eta periskopixodun kamaria jirau, txorixan aldamenera gerturatu, eta zurtzilluetako uliak ikusteraiñoko erretratuak egin zotsazen. Azken baten, gure presen kasuan be, antzerako jokabidea eta pazientzia behar ditxugu.
Ibai eta errekak zaintzea ez dala komeni esaten, ez da sekula iñor entzuten. Ozen entzuten dira, ostera, ibai eta errekak zaindu ahal izateko sinisberendako asmautakoak. Presa guztiei tratamentu berbera emonaz, euren ezaugarri eta onurak ezkutatuaz, eta batez be, presak oztopo kaltegarrixak besterik ez dirala nabarmenduz; ba, ikuskera horixe saldu nahi doskue, “lehengoratze” fantasiatxo batean.
Proposamen horren ardatza hauxe da: ura aske, bizirik eta presa barik. Presak, lupua bera baino okerraguak dira eta jendeak bere nostaljiazko gogoeta anakronikoak egiteko balio dabe, ez beste ezertarako.
Ur askeari buruzko amets horretan, adibidez, Urkuluko presa botako balitz, dagokixon ura bueltatu ahal izango geinkixo gure ibaixari, pelikula jurasikoari kaso egin ezkero. Era berean, arrain, sapaburu, ur ollo eta beste hainbat espezieren habitatera be itzuli egingo litzake, presen bitxartez “lapurtu” dotsegun ur hori. Orduan norbaitek, arrazoiz esan leike: beste presa bat eraiki eta bete biharko da, ze hori egin ezian, problemak azalduko dira. Gaur egun, etxeetan behin eta berriro betetzen doguzen komuneko zisternak, nongo urakin beteko gendukez? Teillatutik jasotako euri urakin akaso? Labur esanda, presa asko eta asko ontzat eman beharko litzakiazela berez esan beharra dagola, errealitate hori ahopean laga bare.
Presak eta euretan dagon ur garbixa, gizakiak asmatu ditxuan sistema eta aurrerakuntza ixa guztien oiñarri dira. Izan be, ezinbestekoak dira etxebarruetako eguneroko jiran, osasun sisteman, tabernetan... edonon.
Gaur egun ez da onartu nahi presak zaindu eta gorde beharreko ondasunak dirala. Eurak barik, gutariko asko laster hil egingo giñake. Horixe da errealitatea. Zentzunez eta ameskeria burokratikoak albora lagata pentsatu ezkero, ehundaka urtetan baliagarri izan jakuz eta horretxegatik, gaur egun, herriaren parte dira. Pintura pote bat bera be ez da erabili behar eurak egoera onean izateko. Etengabian, euren jantzi zuri apaingarrixa ikuskizun ederra da herritarrentzako. Gureak ez dira nolanahiko presak, ez horixe! Botako balira, txalo arteko eupadak eta gorraizia pasatu ostean benetan be damutuko giñake.
Plazentziako herrixa eta ibaixa, antxiñako presa horreek lagun egiteaz gain uztartu be egiten ditxue. Hori ikusten ez dabenak, badauka okulistianera juateko premiñia. Egunotan, kanpoko predikadoriak ailegatu jakuz, eta herrixak eta gure arbasoek presekin egindako ibaixan aurkako pekatu mortala aitortzera derrigortu nahi gaitxue. Jatorrizko ibaixari errespetu faltia ei da. Momentuz, penitentzia modura presak eraitsi eta gero azterketa soziala. Kanpoko ekolojista bat edo bestek, gainera, guk geure ingurunea babesteko ahalegina be pikutara bota nahi dabe.
Ez dira iñun agiri: ez gure herriaren izatea, ez kultura, ez etorkizuna, ez gure historiako jarduna, ez gure identitatea, ez gure paisaia, ezta gure presetako biharko erabilera posiblerik be. Eta horretaz gain, ibaiarekiko gure betiko loturez be, ez diñoskue ezer. Herrixari dagokixon eskubidea bera be, arrastaka darabixe beste zenbaitzuk. Ur makinistia? Aipatzea be! Kutsu industrial larregiko izena ez ete hori! Mahoi koloreko txori horren bizilekua Oleako presa da. Horren gainean, bestalde, Soraluzeko Plan Orokorrean jasotzen da presa hori dagoan bezela gorde behar dala.
600 urtian, isurketak izan arte, presa eta guzti, “Urak” hemen “aske eta bizirik” egon dirala gauza jakiña da. Garrantzixa dauken gauzak azpixan hartu ez deixiazen, behin eta berriz jardun behar, tamalez. Bergaran, aurreko gizaldietako idatzixetan jasota dago: herriko etxeetako morroientzat eta euren faimilixentzat ugazabek emondako jatorduetan problemak sortzen ziran. Egunero jaten ei eben izokiña, eta gauza bera jatearen jateaz gogaituta bukatu azkenian. Hasarre hori zala eta, herrixan egin ziran grebei buruzkoak jasota dagoz dokumentu zaharretan. Beraz, pentsatu bihar da Plazentziako presak ez zirala oztopo izokiñentzat.
Hortik, ondotxo dakigu ura presetan “bizirik” egon dala, garbi eta aratz, izaki bizidunez beterik, honeek egoki moldatu eta mobidu izan diralako, goruntz zein beheruntz, atzerantz zein aurrerantz, presek aprobetxamentu nabarmena euken bitxartean. Jakiña, 70ko hamarkadan isurketa kutxakorrak agertu arte. Ura “aske” egon dala be badakigu, gure presak ederki libratzen dakixelako euren neurriz gorako ura, neurri txikiko eta aproposekoak diralako. Eta hori ez da ikusten, XX. mendean hormigoiz eraikitako erraldoietan.
Ahoa pixkat berotuta esandakua bada be, gaurko adituen maixu izan diranen esanetan, gure presen jauzi-zarata bera be ondare inmaterialen eta kalmante osasungarrixen zerrendetan dago, ixa seguru.
Ibai makal baten alde eta presak, beste barik, helburu bihurtzearen alde ez dago hemen iñor. Justu alderantziz, logikaz , zentzunez eta ondo egindako gauzak zaintzearen alde bai, ordea. Sedimentuen kontrola, presetan beti egin dan jarduna da. Gaur egungo sedimentuak, kutxakorrak ei dianez, ibaixan beherako baztarretan zehar sakabanatu beharrean, presetatik bonba bidez jaso eta tratatu egin beharko lirakez, amiantoa tratatzen dan modura. Presak bota ezkero, beste zenbat gauza urratuko diran ez dago idatzi honetan esaterik. Adituek ondo baiño hobeto dakixe horren barri. Gure herrixan agertu diranek, ostera, asmo zeharo ezbardin bat ekarri dabe, baina edozeinek daki presak ondo zaintzea zer dan ekologiari dagokixonez.
Presak, aurreko jakintsuek ganoraz egituratutako harrixak dira, eta ez harri pillak. Ez ete dira Aranzadiko arkeologo eta antropologoak berandu azalduko ?, armagintzaren harrizko aztarnak industea ona baldin bada, XIV. mendeko burdingintzaren ondare biziari bizkarra emotea ez da erraz ulertzen, gaitzpentsaua erabili ezian.
Soraluzeko herritarrak ez dira jolasorduan dabilen umeterixia. Herriko jendeari berari dagokixo presen etorkizunari buruzko erabakixa hartzea. Herrixak berak jakingo dau, eta ez beste iñork, bere ibaiko zaindari izaten. Oiñarri eta arrazoi haundiz esateko gauzia da: Soraluzeko presek munduan ez dauke parerik.