EH Bilduren ustez, Udalean egoera ekonomikoaren gaineko "ariketa ekonomikoa" egin beharra dago

Erredakzioa 2022ko abe. 23a, 08:12

Eguazteneko osoko bilkuran, EH Bildu abstenitu egin zen udal aurrekontu-proiektuaren bozketan. Azalpenetan, Unai Larreategi bozeramaleak azpimarratu zuen Soraluzeko Udalak “egiturazko arazoa” duela, “eguneroko gastuei aurre egiteko justu-justuan” ibiltzeaz aparte, aurrekontuak ez duela “inbertsioetarako ematen, soberakinarekin ez bada”. Horrekin batera, jakinarazi zuen EH Bilduk gehikuntza bat egin duela aurrekontuan, "herriko etxebizitza parkearen eta herritarren beharrak ezagutzeko azterketa" txertatuz. 

Herenegun, udal aurrekontu-proiektua bozkatu ondoren, boto azalpenaren txandan egin zuten bilkideek gaiari buruzko irakurketa.

Lehenengo eta behin, Unai Larreategi bozeramaleak Iker Aldazabal alkateari aurpegiratu zion aurrekontuaren gaia “edo aurrekontuetan dauden gabeziak” estali nahi izatea legealdiko balorazioa eginez eta horrekin “nahaste-borrastea” eragin izana. 

"Garrantzitsuak bai, baina estrategikoak dira?"

Alkateak nabarmendutako 11,5 milioi eurotako dirulaguntzen harira, berriz, Larreategik zalantzan jarri zuen milioi horiek guztiak "garrantzitsuak" izan arren, “benetan estrategikoak diren proiektuetarako” izango diren. 

Aurrekontuari dagokionez, oposizioko bozeramaleak azpimarratu zuen Udalak “egiturazko arazoa” duela, “eguneroko gastuei aurre egiteko justu-justuan” ibiltzeaz gain, aurrekontuak ez duela “inbertsioetarako ematen, soberakinarekin ez bada”. 

Zentzu horretan, “gestio ekonomikoak” duen zerikusia ere aipatu zuen adieraziz “ariketa ekonomikoa egiteko beharra” dagoela, eta ariketa hori behin atzeratzea egotzi zion Udal Gonernuari: “Udal Gobernuak edo ez du ahalmenik edo gabezia hori du”. 

"Dependentzia" handitzen

Ildo beretik, urtetik urtera Soraluzeko Udalak Fondo Foralarekiko duen “dependentzia” handitzen doala ohartarazi zuen Larreategik, zehaztuz, 2015ean %58koa zen ekarpena, gaur egun %65ekoa dela eta gaineratu zuen “geroz eta kapazitate gutxiago” dagoela “herri moduan gure errekurtsoak sortzeko”. EH Bilduren ustez, “etenik ez duen pobretze dinamika baten sartuta gaude” eta egoerari buelta eman beharra dago. 

Zentzu horretan, Larreategik esan zuen egoera horrek eskatzen duela alderdi politikoak elkarrekin konpontzea eta erakustea “kapaz” direla “herriaren alde elkarrekin” egiteko. Hori horrela, adierazi zuen Udalean ekarpenak egiten segituko duela EH Bilduk.

Etxebizitza parkearen egoera eta herritarren beharrak

Hain justu, ekarpen horien artean, Larreategik jakinarazi zuen “gehikuntza” bat egin diotela Udal aurrekontuari, “ez da proposamen gehiago ez daudelako, aurrekontuan dagoen baliabide gabeziarengatik, baizik". 

EH Bilduk udal aurrekontu proposamenean gehitzeko eskatu duena da herriko etxebizitza parkearen egoera eta herritarren beharrak aztertzeko proiektua garatzea

Oposizioko bozeramaleak esplikatu zuenez, herritarrengandik etxebizitza aukeren gaineko hainbat beharren edo kezkaren berri jaso dute: etxea alokairuan hartu nahi dutenek ez dutela etxebizitzarik aurkitzen herrian, irisgarritasun egokia duen etxeak aurkitzeko zailtasun handiak daudela, etxebizitza parkea zahartzen ari dela eta etxe berriak erosteko nahia dutenik izan arren, etxe berririk ez dagoela. 

Larreategik gogora ekarri zuen, egoera hori izan arren ere, Soraluzen etxe-huts kopuru handia dagoela, baina asko ez daudela merkatura ateratzeko moduan. Horregatik guztiagatik uste dute beharrezkoa dela egoera hori aztertzeko proiektua egitea, inbertsio modura, gero herrian egin behar diren jarduerak hobeto erabakitzeko. 

Hausnarketa

Bestalde, oposizioaren izenean, Roke Akizu zinegotziak ere hartu zuen hitza. Hark adierazi zuen “noraez absolutua” sumatzen duela Udal Gobernuaren jardunean. Esandakoen artean, besteak beste, inbertsioetarako dagoen diru kopuru txikia mahai gaineratu zuen, 125.500 euro, esanez, adibidez, aurreikusitako inbertsio nagusia gauzatzeko, ur txorroena, 100.000 euro beharko direla.

Diru kopuru horren zenbatekoa jakinda eta kontuan izanda aurtengo udan egon den "sikatea" eta aldaketa klimatikoak daroan bidea, Akizuk zalantzan jarri zuen proiektu horren konbenientzia eta hausnarketarako beharra mahaigaineratu zuen, bai politikoki eta baita gizarte moduan ere. 

Herriko "premiei" erantzun beharra

Azkenik, Ana Maiztegik hartu zuen hitza alkateak lehenago egindako interpelazio bati erantzunez. Maiztegik azpimarratu zuen, besteak beste, “borobila” litzatekeela Udal Gobernuak lortu dituen 11,5 miloi euro horiek “erantzungo baliekete herriak dituen premiei, erantzungo balioke aurrez egindako plan estrategiko bati”.