Udalak 4.976.000 euroko aurrekontua izango du 2023an

Erredakzioa 2022ko abe. 23a, 08:20

Soraluzeko Udalak 4.976.000 euroko aurrekontua izango du 2023an. 2022ko aurrekontuarekin alderatuta, %11,13 txikiagoa izango da; kopurutan begiratuta, 623.504 euro gutxiago. Inbertsioetara 125.500 euro bideratuko dira. Udal Gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta oposizioko EH Bildu koalizioaren abstentzioarekin onartu zen aurrekontu-proiektua, eguaztenean. Argazkiak: Fernan Oregi. Bideoa: Egoitz Unamuno.

Eguazteneko osoko bilkuran, 4.976.000 euroko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen Iker Aldazabal alkateak Udal Gobernuaren izenean. 

Aurkezpen luzea egin zuen jeltzaleak, azpimarra jarriz azken hiruzpalau urteotan Udal Gobernuak erakutsi duen “kudeaketarako gaitasunean”. Adibide modura, azken legealdian Udalaz gaindiko erakundeengandik lortutako dirulaguntzak nabarmendu zituen Aldazabalek.

11,5 milioi euro

Jakitera eman zuenez, guztira, 11.507.310 milioi euroko laguntzak lortu dituzte Soraluzerako eta dirulaguntza horiekin egin nahi dituzten proiektuen berri eman zuen alkateak, hainbat xehetasun ere azalduz.  

Ezozibidea berritzea: atzo (martitzena) izan zuten lehen bilera auzokideekin proiektuaren berri emateko eta urtarrilean komunitateekin egingo dituzte bilerak).

Enplegagarritasuna: legealdi hasieratik “lehentasun” izan duten helburuetako bat izan da, Soraluzeko langabezia altuari aurre egiteko. Alkateak esplikatu zuenez, Diputazioarekin harremanetan jarri eta Gaztelekuan lantzen ari diren Elkarrekin proiektua abiatu zuten, behe mailako kualifikazioa duten langabeei begira; horrekin batera HHIn aholkularitza soziolaboralerako zerbitzua jarri zuten. Orain, Diputazioarekin hitzartutako beste 341.000 euroko laguntzari esker, enplegagarritasuna lantzeko bulegoa egokitzen ari dira Kalebarrenen. Horrekin batera, alkateak esan zuen Jaurlaritzarengandik beste 484.913 euro jasoko direla enplegagarritasunerako, Debabarrena Berritzen izeneko proiektuaren baitan. 

Horrekin batera jakinarazi zuen Debabarreneko lantegi eskola sortuko dela Olaldeako pabiloian Aldundiak onartu duen dirulaguntzari esker (ElkarEkin 2022 Debabarrena izena du proiektuak); SAPA birgaitzeko 700.000 euro lortu direla eta Pascual Churrucan alokairu sozialeko 29 etxebizitza egingo direla Jaurlaritzak emango duen 3.500.000 euroko finantzazioarekin. Azken gai horrekin lotuta, zehaztu zuen urtarrilean hasiko direla esparruko kutsadura garbitzeko lanak eta ondoren botako dutela lantegia. Moyua enpresak egingo ditu lan horiek. 

Azkenik, aipatu zuen Legebiltzarrean lantzen ari diren Debabarreneko ponentzia. Alkatearen esanetan, urte hasierarako espero dituzte konklusioak izatea eta hortik diru baliabideak etortzea. Eta azken puntu gisa, jakinarazi zuen Gabolatseko zubiaren zaharberritzea lantzeko atzo, eguena, URA agentziarekin bilduko direla. 

Inbertsioak

Horren ondoren, 2023rako aurreikusitako inbertsioen berri eman zuen. Aldazabalek onartu zuen inbertsioen zerrenda “luzea” dela eta ezin izango direla horiek guztiak gauzatu aurrekontuan aurreikusitako 125.500 euroekin; hori horrela, adierazi zuen, orain arte modura, 2022ko aurrekontuaren “likidazioa egiten denean, martxoan, hortik aterako den soberakinarekin aktibatuko” dituztela inbertsioak. 

Inbertsio batzuk aipatze aldera, lehen seiak honako hauek dira: Etxaburuetako ur txorroen parkea; Kalebarren 24ko eraikina eraistea (Udalak bereganatu ondoren); kiroldegiko beheko solairuko aldagelak berritzea (boxeo-gela ondokoak); skate gunea eta padel pista estaltzea; asfaltatze lanekin segitzea; Itxaropenako tabernatik terrazarako irisgarritasuna bermatzeko obrak egitea eta Gabolatsen egingo den zubi berria eraikitzea. 

"Aurkeztu daitekeen onena"

Bere aldetik, Udal Gobernuko kide Patricia Borinaga sozialistak azpimarratu zuen “gauden eta gatozen koiunturatik kontuan hartuta, aurkeztu daitekeen aurrekonturik onena” dela Udal Gobernuak aurkeztu duena. 

Borinagak gogorarazi zuen Udalak duen gaitasun ekonomikoa mugatua dela, herrian daudelako “dauden diru-sarrerak eta dauden gastuak”. Baina hori horrela izanda ere, ordezkari sozialistak azpimarratu zuen Udal Gobernuak ez duela murrizketarik egin zerbitzuetan eta gainera, hainbat partida berreskuratu eta beste berri batzuk sartu dituztela. Adibide modura jarri zuen sortu berria den Haur eta Gazteen Kontseilua.

Bestalde, ordezkari sozialistak bat egin zuen alkatearen diskurtsoarekin eta Udalaz gaindiko dirulaguntzak lortzeko Udal Gobernuaren gaitasuna goraipatu zuen eta horrekin batera, eskerrak eman zizkien erakunde horiei ateak zabaltzearren eta Soraluzen inbertsioak egitearren.

EH Bildu abstenitu egin zen bozketan. Unai Larreategi bozeramailearen adierazpenak hurrengo albistean.