“Osasun publikoa babestu eta negoziazioa eskatzeko mobilizazioa”, bihar, anbulatorio aurrean

Ubane Madera Zangitu 2022ko abe. 21a, 12:10

Anbulatorioko langileak eta hainbat herritar otsailean egindako elkarretaratzean.

Bihar, abenduak 22, elkarretaratzeak deitu dituzte Osakidetzako lantoki guztien aurrean, tartean, baita Soraluzeko anbulatorioko kanpoko aldean ere. Herriko anbulatorioko langileak 13:00etan irtengo dira protesta egitera. Oro har, “benetako negoziazioa ezinbestekotzat” jotzen dute osasun arloko sindikatu guztiek, ELAk, SATSEk, LABek, SMEk, UGTk eta CCOOk. 

Bihar bi hitzordutan egingo dituzte protestak, 11:00etan EAEko ospitale guztietan, Mendaron tartean, eta, 13:00etan, Lehen Mailako Arreta zentro guztietan, Soraluzeko anbulatorio aurrean tartean. 

Soraluzeko anbulatoriotik jakinarazi dute bertako langileak ere irtengo direla protesta egitera eta herritarrei dei egin diete babesa erakutsi eta eurekin batera protesta egin dezaten. 13:00etan irten eta apenas bost minutuko geldialdia egingo dute, herriko pazienteei ahalik eta eragozpenik txikiena egiteko.

"Arazo larriek bere horretan"

Osasun arloan ordezkaritza duten sindikatu guztiek deitu dituzte protestak. Oro har, salatzen dutena da Osakidetzako zuzendaritzak “urte osoa” daramala “elkarrizketari uko egiten, konpontzeko dauden arazo larriek bere horretan jarraitzen badute ere: langileen %50ak behin-behineko kontratua du; lantaldearen erosahalmena %20 baino gehiago jaitsi da hamarkada batean; gehiegizko lan karga arazo sistematikoa bihurtu da; behar baino langile gutxiago daude txanda bakoitzean; Deustuko, Zumarragako eta San Martingo PACetan, Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko bihotzeko kirurgian murrizketek indarrean jarraitzen dute; murrizketa berriak planteatzen ari dira Lehen Mailako Arretan eta lan baldintzetan; Garapen Profesionalean murrizketa izugarria egin nahi dute…”. 

Gaineratu dutenez, “Osakidetzak bere ibilbide orriarekin jarraitzen du, langileen aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe (…) langile eta herritarren mobilizazioei ez die jaramonik egiten eta orain arte antolatutako lau greba egunei ez ikusiaren egiten die”.