Gaurko elkarretaratzean, besteak beste, salatu dute “osasun-sistema publikoa etengabe murrizteko” prozesuan dagoela eta horren ondorioz, “zerbitzu soziosanitario pribatuak hazi” egin direla.
Gaineratu dute pandemiak agerian laga zuena “egiturazko arazo” bat dela, “osasun-sistemaren hainbat alderditan azaleratzen dena: oinarrizko arretan, zerbitzu soziosanitarioetan, langilerik eta lan-baldintzarik ezan, elkarrizketarik ezan eta arduradun politikoen nagusikerian”.
"Norabidea erabat aldatzea"
Eta uste dute horren guztiaren ondorioz, “Etengabeko Arreta Gunean eta landa-eremuko kontsultategiak itxi” egin direla, “anbulatorioetako arreta-ordutegiak murriztu” egin direla, “lehen mailako arreta kolapsatu” egin dela, “zerbitzu soziosanitario publikoak ahalik eta gutxien” erabiltzen direla eta “osasun-langileen lan-baldintzak okertu” egin direla.
Horren aurrean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak “EAEn nahiz Nafarroan osasun-politikaren norabidea erabat aldatzea” eskatzen dute.
Bestalde, gaurko elkarretaratzean gogora ekarri dute abenduaren 23an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunek elkarretaratzea egingo dutela Legebiltzarraren aurrean, egun horretan onartuko baitira Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak. Protesta egingo dute erakunde haren aurrean ze pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko eskatu dute eta Eusko Jaurlaritzak uko egin dio hori aurrekontuetan sartzeari.
Azkenik, jakinarazi dute urtarrilaren 9ra arte “ondo merezitako” oporrak hartuko dituztela.