Gertatzen da Merlin ez diren proiekto mordoa izan dirala eta daudela diagnostiko berberarekin: presak kaltegarriak dira ibai/errekendako eta zaindu beharrekoak hauek dira, ez presak. Baina “Soraluze is diferent”, beste inon ez bezala hemen taldea osatu da presen aldekoa. Guregandik hurbil aurrera doa Life proiektoa, Gipuzkoa eta Nafarroan Urumea ibaira doazen uretako oztopoak eraisteko asmoarekin. Haren aldean Merlinena afizionatuen jolasa da; beste batzuen artean Artikutza urtegiko presa osorik kenduko dute eta hura bai dela paisaia zoragarria, baso arteko lakua bere aterpetxe eta guzti. Gastatzeko dirua soberan daukatelako izango da? Edo erreka eta ibaiekin orain arte izan ez dugun begirunea zor diegula garbi daukatelako?
Merlin fokopetik atera eta eztabaida behar duen tokian kokatu behar dugu; alde batetik Presak ez ikutu aldarria dago, nik kontrajarriko nioke Urak aske eta bizirik. Zuei azaltzeko hiru ataletan zatikatuko dut nere iritzia:
Presak, Ibaia, Konklusioa eta proposamen bat.
1-Presak
Presak ez dira helburu. Inoiz ez da presarik jaso ibai edo errekak edertu edo hobetzeko. Alderantziz, dela errota, burdinola edo beranduago argindarra lortzeko uraren premia baldin bazan, urak desbideratzeko kanalen bidez jasotzen zan presa. Erreken inguruko paisaiaren aldaketa sortzeaz gain urak daramatzan sedimentoendako oztopoa da eta pixkanaka presatik gorako uretan pilatzen joaten da. Kontuan izanda presen altuera alde bietatik berdina dela eta gure herrikoak ia beteta daudela errez irudikatuko dugu presapeko azpi azpitik presa gainean ikusten den “zolura”dauden metroak lokatzarenak direla. Beraz, goian aipatutako errota eta abar aspaldi desagertu zirenez ez dute inolako funtziorik. Funtziorik ez, baina bai eragina eta ez dugu aurkituko ura, ingurune edo zerikusirik duen edozertarako aditurik presak mantentzearen alde.
2- Ibaia
Arazo honetan ezinbestekoa da ikuspegi ekologista izatea. Uholdeak, onurak eta galerak bezelako hitzak darabilguz eta ondo dago, baina guri, gizakieri dagokigunak dira. Eta ibaia? Ez dauka hitzik guzti honetan? Izate biziduna dela ikasi dugu halako batean eta osasuntsu badago bere baitan eta inguruan bizi diren guztiak hobeto biziko dira. Baina makal badago horietako batzuk ez dira biziko eta biziko direnak ez dute bizitza ziklo normala izango. Gure Deba ibaiak ez digu berbarik egingo baina aditzera ematen digu gaixo dagoela.
Erruz ugaldu den landareria adibide garbia da. Egunero ikusten dut etxetik eta Kontrargin 23ko egutegiko Uztaileko argazkian ikus daiteke. Ez al da nahiko onura izango ibai bizi eta osasuntsua izatea? Nik irudikatzen dudana ez da kartel baten errepikatzen dan hori; nik berdea, loratua eta ur-makinetak(1) dituana ikusten dut.
3- Konklusioa
Hemen ez dago erdibideko soluziorik. Presak ez ikutu ala ikutu. Betiko paisaia defendatu nahiz da azpian ustelkeria dagoela jakin ala ibai bizi baten alde apustu egin eta presak eraitsi. Duten balore arkeologikoa gordetzeko Merlin proiektoak jasotzen du presa zatiak zutik mantentzea. Dauden bezela baino baliotsoagoa izango da ze presak aurretik eta atzetik ikusiko ditugu, orain ez bezala.
4- Proposamena
Goiko rollo guztia nire iritzia besterik ez da. Dakitenena jakitea askoz interesanteagoa litzateke. Proposatuko nuke Udaletxea inplikatzea eta Gure Deba Ibaiakoekin eta interesa dutenen artean jendaurreko adituen mahai bat konbokatzea Herri Antzokian.
(1) Ur-makinistia aspaldiko plazentziatarrendako. (Martín pescador).