Martitzenean, Gure Deba Ibaia taldeak Merlin proiektuaren alde ezkutua izeneko hitzaldia eskaini zuen Tolarekuan. Hizlari lanetan Juan Carlos Astiazaranek jardun zuen eta berrogeita hamar minutuan taldearen ikuspegia azaldu zien bertaratu ziren hogeita hamarren bat herritarrei. Astiazaranek "fundamentu gutxirekin" jardun izana leporatu zien Merlin proiektuaren bultzatzaileei, aipatu zuen proiektuaren "sinesgarritasuna kolokan" dagoela eta adierazi zuen Soraluzen ez dela behar "halako esperimenturik". Era berean, Udalari eskatu zion "lehenbailehen presen apurketen kontra agertzeko" eta erreferenduma egiteko "herriak erabaki dezan". Horren harira, sinadurak biltzeari ekin diotela ere jakinarazi zuten. Ostean, ordu erdi inguruan, zenbait herritarren galderak erantzun zituen (50. minututik aurrera), tartean, taldearen argudioak kritikatu zituzten herritar batzuenak.