Presen auzia

Presak zoom ikuspegitxik

Alex Garcia 2022ko abe. 14a, 18:12

Egi tristea da, Plazentzian hori esplikatzera zientzia horretan aditurik ekartzeko gauza izan ez garala momentuz. Irakurleak ulertuko du, gaur eta hemen hori burutzea gauza erraza ez dala. Iñun balego horretariko aditurik, behar bada, egon leiteke aurretik etorri diraneri zerbait eransteko prest. Erabaki garrantzitsuak hartzeko argibideak behar diran heinean, estimatuko lioke ariketa hori gaur, beinke, erdi ezkuturiko kokapena daukan eta bizirik irauntea nahi daben herri honek.

Elosegi katedradunak bere mezua eta proposamena bideoz jasota laga dosku, aurretik esandakoak hobeto entzuteko eta bere irriparrak be ondo ikusteko. Ikuspegi zabaltxo batetik zehatzago batera, ikuslearen begirada poliki edo azkar eramateko, gaur egun bada zoom deritzon tresna hori. Abendu honetan, udaleko ardurak alde batera lagatzeko batzuen joera eta handik edo hemendik presen apurketa zintzoki zuritzeko beste batzuen nahixa datoz erregalo modura. Gainera, “ibetondoko” salbatzaile barri bat aitortu eta gurtzeko aukera be eskaini doskue. Otsailean beteko ei da, gaur askok hain arantzadun ikusten daben arbola eratsi behar dan ala ez, erabakitzeko epea. Badakigu, lehenengo burdingintzatik eta polbora garaietatik honaiño, makiña bat ufali eutsi dotsala Plazentziak. Izan be, aurreko gizaldietakuak ez ziran tontuak eta presak mantendu egin zitxuzten. Aurtengoa, gure ibai ertzetako etxe- aurreen Gabonetako argixa, presen ur-espilluetan ikusten dan azkena balitz, ez litzake harro
egoteko oparia.

Elosegi jauna nabarmendu da, diruz hornidutako proposamena egin doskun ikertzaile taldekoen artean. Diru hori Europan aurkitu dabe, eta lortzeko, gure presak erabili nahi ditxue. Kudeatzaileek (Foru Aldundiak) erabakia noraiño hartuta daukaten ez dago jakitzerik. Teknikari taldean, geografian, hidrologian, historian, arkeologian, ekonomian, geologian, biologian, arkitekturan, metereologian eta auskalo zer gehiagotan oinarritutako ikertzaile adituek parte hartzen dabela pentsatu geinke. Guzti horreen ahotsa, Elosegi katedradunaren zoom-aren bitartez jasotzeko aukera illuna eta ziztrina, besterik ez daukagu. Zoom horrek, kerizpean laga nahi doskuzen errealitateek, euren garrantzia dauke. Hori edozeinek ikusteko modukoa da.

Mordoillo eta kiribilla, era sinisgarrixan zabaltzeko, ez dabe trebetasun gitxi erakusten. Egiaz, gezurrez, horren bitartekoez, artirin gitxiz, esnea tamañan eta azukarra askotxoz osatutako morokilla, erraz irristatzen jaku batzuetan eztarrian behera. Ez dago zientzialari izan beharrik aurreko hori ulertzeko. Ura berez beheruntz irristatzen dala jakiteko ez da behar neurketa handirik, ezta arrainak goruntz eta beheruntz mobitzeko gaitasun ikaragarrixa daukela jakiteko be. Ezagutu ditxugu, paparrian txingilizka zoom eta titulurik gabe, angulek presako horma
zelan igotzen zeben begira eta espektakulua aztertzen egoten ziran “herriko biologoak”.

Presa batek ura geroago kudeatzeko aukera eskainiz, kokatuta dagoen ibai horrek dakarren ura oztopatu eta gorde besterik ez dau egiten. Bere funtzioa horixe da. Egoera onean osaturik badago helburua beteko du, eta apurtuta balego ez leuke beteko bere funtzio edo zeregin hori, jakiña. Aprobetxatu edo erabiltzen dan ala ez, edota ur horren indarrak gailuren bati “martxa” eragiten dotsan ala ez, presiari ezin jako “leporatu”. Presa bat “martxan ez dagola” esatea ezin da esan tabernako jardunean baiño. Hori horrela esateak balio du, presa horrek bere funtzioa betetzeko duen gaitasuna eta hortik eratorriko litzaken funtzionamentua nahastatzeko. Arrainei enbolia eragiten dien presapeko zurrunbiloko nahastetik kanpo begiratu daigun: daukan uraren aprobetxamentu bare, baina egoera onean eta bereziki kokapen hobean dagon presa batek zenbat funtzio betetzeko balioko luke?, ez gara hemen hori zehazten hasiko; hain justu be, horretarakotxe daozelako teknikari eta jakintsuak. Benetan ikerketa interesgarrixa burutuko leukie horretan aditua dan teknikari talde batek. Presa eta guzti Plazentziako ibaiak gaur arte erakutsi doskunean oinarrituko balitz, behintzat. Soraluze pozik legoke txandan horrelako ikerketaren, harrapaladan astokeriak egin aurretik.

Soraluzeko Alkate jaunaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura arduradunaren eskutik, gure herriko historiagile Jabier Elorzak bere liburu barrixa, “Placencia de Soraluze”, aurkeztu zebanetik ez dira egun asko igaro. Orduan esan zeban, herriko ibaixan Malmeroneko presia XIV. mendetik eta Olabarrenakua XVI. mendetik egozela. Beraz, Euskal Herriko presa zaharrenak ez badira, zaharrenetaikuak izango dira, eta gainera ederrak eta bakarrak dirala bistakua da, ez dago esan beharrik. Elosegi jaunaren zoom sistematik begira egon ezkero, hori ere hankapian zapaldu eta kitxo.

Katedradunak esandako guztiak ikustea larregia litzake, baina ikusi daigun beste adibide bat. Hezegune eta ibai bakoitzerako “soluzio desberdinen” eskaintza ei dago. Geure “kasuan”, presak “partzialki” botatzean datza ezberdintasuna. Leizaranen ikus daiteke bertako ibaixari
era horretan eragin dotsen triskantza. Osorik dirauen ondare bati, bera osatzen duen “herena” apurtu eta kendu ostean, “ondarea mantenduko” litzakela esaten digu Elosegi katedradunak.

Horren baimena siñatu dabenaren, kultur ondarea zaintzeko arduradunaren, izena jakitea inportantea da. Oroigarri modura, plaka garau bat merezi dau horrek ere “ibetondoan”. Batez ere, Soraluzek bere paisaia eta historia-ondarea aztarna izatera degradatuko dabenari hainbesteko zorra eskertu ahal izateko, bustoa ere mereziko leukian arren. Ez dakigu zela gertatzen dan zehazki, baina “jendea hori onartzera” iristen dala esaten digu Elosegik. Erremedio edo bueltarik ez daukala ikusten dan momentu bertatik gertatu ei da hori, hau da, izorrau hadi Soraluze gainera eu be gustora geratu haiz eta! Sinisteak be lana. Presak botako balira batzuen txalo eta beste batzuen pena artean izango litzakela bistan dago. Gaiari buruzko erreferendum batek hori aldez aurretik neurtu eta erabaki egokia hartzeko bidea argituko luke, bestela indarkeria salagarria izango litzake. Elosegi biologoak hain garbi aipatzen daben, biztanleei eta gizarteari eragindako ondorioen azterketa ez dakigu noiz hasi dan. Beharbada, azterketa sozial hori, Soraluzen, ibaia lehengoratu, harpausuak ufalei ez eragiteko mailan errekuperatu, eta gero izokineri ongietorrixa ortotzik emoteko gauza garan jakiteko estudioetan datza. Aurrera daroien euren dokumentalak hobeto argituko dosku.

“Presetako ur geldoa gustatzen zaie eta horren arabera eraikitzen dituzte euren argudioak”. Presetako ura ez da geldoa, ez dago eta geldi. Ibaiak urik ekarriko ez baleu orduan bihurtuko litzake geldoa, bixen bitxartean ez. Soraluzetarrak ergeltzat hartu gaitxu Elosegi zientzilarixak, eta hortik, gure aldarrikapenenganako bere errespetu falta. “Arrainak gora eta behera” eta “normal” ibiltze hori, Soraluzen presa eta guzti beti ezagutu dala, ez du entzuterik nahi ere katedradunak. Elkarrizketa egin dionak ere, galderetan ez dio hori azaldu itxuraz. Presak ez dira “arazo nagusienetako bat” Soraluzen: ibai tarte jakin bat inguratzen eraiki dan herria da gurea, eta presak biztanle eta bizidun espezie mota askorentzat, “habitat artifizial” aberatsa osatzen duten eraikin sendoak dira. Ibaiko arrainentzat plaza urtsuak, atsedenleku zabalak eta ugaltzeko bizitoki aproposak dira, eta hegaztientzat beste hainbeste. Gure biosferako erreserba txikia da, Unesco ohartu ez bada ere. Malmeronekuan bertan, esaguratsua da urtxakurrak ere ezagunak izan zirala, isurketen aurretik. Gaur egun, ura garbi etortzen hasi danetik hona, harrigarria da: aitzakia dotorez jantzitako ikertzaile talde bat, presak derrigorrian eta prixaka botatzera ze asmoz eta modutan hurbildu dan ikustea. Soraluze bera laborategi
modura hartzeko beste ekinalditxo bat, Tolarekuan urriko hitzaldian egin zebena. Aldez aurretik beste iñun abisurik eman barik, dokumentala grabatzeari ekin zotsen. Entzutera juan ziranen eta zerbait galdetzen edo esaten zebenen kontura egin zan batezbe. Kamara eta 3 metrotako “uleboladun” mikrofonoa bueltaka zerabiltela grabatu zeben, geure harridura jaso eta biologiaren mesedetarako seguru asko.

Soraluzeko ibaixa 70ko hamarkadararte ur garbi eta presaduna izan dala ez da ahaztu behar. Hala be, azken 600 urtian gure presek ze ekosistema, ze ingurumen, ze habitat, ze harreman eskaini dotsen faunari eta Plazentziako biztanleei benetan estudiatu eta ezagutzea ez jako asko interesatzen EHUri. Gure etorkizunerako baliogarria izan leitekian arren, dagon dirua, harreman hori “errekuperatzeko” eta jakiteko ez ei da. Horren ordez, etekin hobea dauka Soraluzen Elosegi jaunaren presak apurtzeko planteamenduak: kolektorearen ondoan “beste urrats bat ” dalako, “neurri baten” hau eta bestea izango dalako, “uholde arriskua” be “neurri baten” konpondu, “erreka naturala” estimatu, “partzialki” bakarrik apurtu, edonora joan daitxiazela “lokatz zikinak”, entzuterik ez dauken “ibaiaren usainak”, “arrainen mugimentu ezintasuna”, “espezie inbaditzaileak”, egin diran “tailler” hain burutsuak, ibaia euren erara “errestauratzea”, “Soraluzeko gizartean ze ondorio dakartzan aztertzea”, “ikusi nahiko genuke edozein presa botatzea”, triskantzaren “ondorioak gero aztertu behar” aurretik premiarik ez daukalako, “dirua presak botatzeko eta ez beste ezertarako dago”, “gero erabakiko du udalak paisai urbanoa edo salbajea uzten duen”, “eltxoak presetako ur geldoetatik datoz”, “arrainen bitartez isurketak nabaritzen ditugu”... Eta gisa horretako beste askokin, Plazentziako baztarrak endredatzen ibili biharrian, ez ete da hobe diru hori aurreratzea? edo benetako probetxua daukan proiektu baten gastatu ahal izateko hausnarketa egitea? dana dala, Elosegi jauna buru daukan ikertzaile taldeak eta erreferenduma geizki deritzon beste edozeinek, ulertu beharko leuke, hemen Soraluzen, presek gure herriko paisaia osatzen dutela eta horrekin konforme garela.