Dagoeneko abian da Eusko Legebiltzarrean Debabarrena Suspertzeko Ponentzia osatzeko prozesua eta horren harira, joan zen astelehenan EH Bilduk Legebiltzarrean aurkeztuko dituen proposamen berri eman zuen Eibarren eskaini zuen aurkezpenean. Nerea Kortajarena legebiltzarkideak adierazi zuenez, EH Bilduren ustez “ezberdintasun sozialen aurrean, premiazkoa da gizarte-itun handi bat osatzea” zeinak “ongizatearen oinarriak” eta “aberastasunaren banaketa” bermatzeko neurriak jasoko dituen. Asmo horren baitan kokatu zituen Kortajarenak EH Bilduk “urte bete osoz” prestatu dituen proposamenak eta aldarrikatu zuen “Debabarrena eskualdeak ere akordioak eta esku-hartze publikoak behar ditu”ela.
Gilen Garcia Debako alkate eta Debegesako lehendakariak, bere aldetik, ohartarazi zuen “adierazle esanguratsu askotan” Debabarreneko eskualdea “Euskal Herriko batezbestekoetatik atzerago” dagoela eta horren aurrean, EH Bilduk “bizi kalitatea goratuko luketen proiektuak” lehenesten dituela, hala nola, “industria, laneratze aukerak, mugikortasuna, zaintza eta hirigintzaren inguruko proiektuak”.
Industria 4.0, geltoki intermodala Maltzagan, bidegorri sarea…
Fermin Lazkano Debegesan EH Bilduren eskualdeko ordezkari politikoak laburbildu zituen koalizio abertzaleak ponentziarako proposatu dituen ardatz eta proiektu proposamenak. Lehenik, industria arloari dagokionez, EH Bilduk proposatzen du “Industria 4.0rentzako formazio, demostrazio eta zerbitzu zentro bat” sortzea, zeinak landuko lituzkeen gehitze-fabrikazioa, IoT, datu analitika, sentsorika eta adimen artifiziala, arlo horietan enpresei formazioa eta zerbitzu “aurreratuak” eskaintzeko. Jarraian, mugikortasunari lotutako proposamenen atalean, koalizioak eskualdean garraio publikoa indartzera bideratutako proiektu sorta anbiziotsua mahaigaineratu du: Ermua-Deba tranbia zerbitzuaren maiztasuna 10-15 minutukoa izatea, Maltzagan eta Eibarren gune intermodalak eraikitzea eta eskualdeko bidegorri sarea bukatzea (Deba-Elgoibar, Soraluze-Maltzaga eta Ermua-Eibar).
Ondoren dator “Auzoguneen eraberritzea” atala, non EH Bilduk zahartutako etxebizitza multzoak berritu eta egokitzen laguntzera bideratutako egitasmo eta planak zerrendatzen dituen: irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko egitasmoak, birgaitze bulegoak herrietan… “Laneratzea” atalean, berriz, lan orientaziorako zerbitzuak indartzea proposatzen du, bulego finkoak sortuz Eibarren, Ermuan eta Soraluzen (langabezi altuena duten herrietan). Zaintzari dagokiona da koalizioak bere proposamenen artean txertatu duen beste ataletako bat eta arlo honetan proposatzen duena da “zaintza zerbitzua berdefinituko lukeen plan estrategiko bat diseinatzea”.
Azkenik, hondarreko bi ataletan lehen sektoreari dagozkion bi proiektu proposatzen ditu. Arrain hazkuntza ekoizpenari loturik, EH Bilduk proposatzen du Mutrikun akuikultura “poloa” garatzea, zeinak arlo horri dagokion formazioa, ikerketa, ekintzailetza, ekoizpena eta promozioa landuko lituzkeen. Bestetik, nekazaritza eta abeltzantzari loturik, proposatzen du “antolaketa komunerako aukerak” aztertzeko “proba pilotuak” abiatzea bailarako hiru baserritan.
Ponentziaren epeak
Eusko Legebiltzarrak urte hasieran abiatu zuen Debabarrena Suspertzeko Ponentzia, berau erredaktatzeko ardura duen batzordea osatuta (alderdi guztien ordezkariekin). Urte hasieran bailarako hainbat eragile ekonomiko eta sozialen iritziak entzun ostean, orain, batzordeak, bailarako udalen, alderdien eta Debegesaren proposamenak jasotzen dihardu eta ondoren, ondobidean, 2023aren amaierarako, batzordeak prest izango du lehenetsi dituen proiektuekin osatutako txostena. Ondoren, ponentziaren txostena Legebiltzarrean eztabaidatuko lukete, onartutako proiektuak Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuan jasotzeko.