Joko gutxi eta tentsio handia izan zuen Sorak eta Aloña Mendik jokatu zuten norgehiagokak, atzo, eguena. Etxeko taldearendako beharrezkoa zen hiru puntuak eskuratzea Gorengo mailara igotzeko ligaxka jokatzeko aukerak bizirik mantentzeko. Eta hori zelaian igarri egin zen.
Ekipo gaztearekin zelairatu zen Sora, hasierako hamaikakoan jubeniletatik igotako sei jokalari zituela. Partidaren lehen minutuetan pareko ibili ziren bi taldeak; Sorak izan zituen gol aukerak, baita Aloña Mendik ere. Azkenean, 21. minutuan etorri zen etxekoen lehen gola. Aloña Mendiko atezainak penaltia egin zuen, Sorako Jonanek berau jaurti eta baloia sareratu egin zuen.
Baina gutxi iraun zuen etxekoen pozak. Bederatzi minutu eskas geroago oñatiarrek partida berdindu egin zuten. Hortik aurrera, bi taldeak ahalegindu ziren beste golen bat lortzen, baina berdinketarekin joan ziren aldageletara.
Area kanpotik
Bigarren zatian, berriz, erasokorrago atera zen Aloña Mendi eta partidaren minutu asko Sorak area defendatzen pasa zituen; hori bai, kontraerasoari laga barik. Halako irteeretako batean, Urtzik area kanpotik baloia bota zuen eta atezainaren besoek ez zuten asmatu hura geratzen. 90.minutua zen. Sora aurretik jarri zen markagailuan eta halaxe amaitu zen partida, 2-1ekoa eginez.
Hurrengo jardunaldian gainerako taldeen emaitzek hartuko dute pisua, Sorak atseden baitauka. Hain justu, Sorak urtarrilaren 8an dauka hurrengo hitzordua, azken-aurrekoa, Mutrikuren kontra.