Erakusketak abenduak 30era arte arte egongo dira ikusgai Oreka Art galerian. Sarrera librea da eta aretoa arratsaldeko 7etatik 8etara egongo da zabalik, lanegunetan.*
Naturako elementuak erabiliz, galdera existentzialen erantzunak irudikatu nahian
Malu Riazak, argazkilaritza artistikoa ere lantzen duen arren, Oreka Art-eko egonaldia obra grafikoan zentratzea erabaki du, "Ordena naturala" izendatu duen erakusketa ekarriz.
Ikusgai dauden obra guztiak grabatu kalkografiko inprimatze-teknika erabiliz egin ditu; akuaforte, berniz biguna, modu beltza eta urtinta grabatu moten bitartez (zenbaitetan, lan berean mota bat baino gehiago nahastuz ere).
Lortutako emaitzak zuri-beltzezko forma abstraktuak izan arren, haien baitan natura bera dago irudikatuta: enbor azalen, hostoen eta bestelako landareen testurek osatzen dituztela sumatu ahal da.
Lan bakoitza «galdera existentzial propio zein orokorren barne-gogoeta baten adierazpena» dela dio eta, hortaz, ikusle orok duela «obren formek eta izenburuek» —"Geruzak", "Loturak", "Kezkak" eta "Amildegia" bezalako izen labur bezain sendoek— «iradokitzen diotenaz hausnartzeko aukera».
Iluntasunean ageri diren flora eta paisaiekin, bizipenen "alde argitsua" transmititzea helburu
Ángela Silva Díezek bere ibilbide osoko lanak ekarri ditu: "Uhinak", "Infloreszentziak", "Visages Dilués", "Amestutako tokiak" eta "Organicum Vanitas" serietatik ateratako hainbat koadro, hain zuzen.
Guztiak olio-pinturak dira eta gehienak berak muntatutako bodegoiak eredu izanda sortuak: bisitatzen dituen tokietako fruituak, adarrak, landareak... jaso eta bere estudioko loreontzietan jarriz sortzen dituen irudiak ditu abiapuntu. Nabarmentzekoak dira argi-ilun teknikara jotzeko duen joera eta ukitu propio dituen trazu luze eta ondulatuak, natura-hileko obra arruntetatik bereizi eta fantasia-puntu berezi bat ematen baitiete bere lanei.
Bere esanetan, koadro bakoitzak bere bizitzako une konkretu bat irudikatzen du eta, emaitzan, «ikusleari argiaren pertzepzioa transmititzea» du helburu, «momentu guztiek dituztelako bere alde ilun zein argitsuak, baina azken hauek bilatu eta haiei eustea dugu betekizun».
Oreka Art galeriaren bultzatzaile den Alberto Ramirezek, herritarrak gonbidatzen ditu Ángela eta Maluren erakusketak ikustera eta, nahiez gero, haien lanetako bat eskuratzera, gabonak gertu daudelarik «opari polita izan daiteke eta».
*Bisita beste egun/orduren batean egin nahi izatekotan, deitu hurrengo zenbakira: 635706690.