UDALBATZA

HaurEkin, Haurren eta Nerabeen Kontseilua eratuko da

Ubane Madera Zangitu 2022ko abe. 2a, 09:46

Udalbatzarra eguaztenean.

Eguaztenean, udalbatzak aho batez onartu zuen Haurren eta Nerabeen Kontseilua eratzea: HaurEkin. Kontseilua osatuko dute alkateak, udal ordezkaritza duten alderdietako ordezkari banak, eskolako eta Institutuko ordezkariek, guraso elkarteen ordezkariek eta umeen eta nerabeen zerbitzuen eta aisialdiaren kudeaketaz arduratzen den Kukumixoko ordezkariek. Helburua da umeei eta nerabeei udal erabakietan hitza eman eta haien ekarpenak kontuan hartzea. 

Udalbatzak, besteak beste, honako konpromisoak hartu zituen puntu horren lanketan, Patricia Borinaga batzordeko presidenteak esplikatu zuen moduan:

  • Herriko neska-mutilen parte hartzea bermatuko duen sistema osatu (…) beraiengan eragina izan dezaketen gai guztietan hitza hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.
  • Haurrak herritar sentiarazteko konpromisoa eta herritartasuna gazte-gaztetatik lantzekoa.
  • Haur eta Nerabeen Kontseilu bana sortuko dira, Udalbatzaren kontsultarako organo izan dadin, kolektibo hauen parte-hartzea bultzatzeko eta udalgintzan parte har dezaten bermatzeko tresna gisa. Kontseiluetako bat osatuko da 8-11 urtekoendako eta beste bat 12-16 urtekoendako. 

Kontseilua kontsultarako organoa izango da eta herriaren kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruz haur eta nerabeen ikuspegia eskainiko du. Hiru hilean behin elkartuko da.

Otsailean lehen bilera

Kontseiluari buruzko puntu horretan, Maite Quintanilla EH Bilduko zinegotziak gogora ekarri zuen 2021eko maiatzerako bazegoela gaia landuta; orduan egin zen nerabeen eta gazteen prozesu parte-hartzaile bat eta horren bueltan talde eragile bat sortu zela eta hantxe ikusi zela argi haurrak eta nerabeak erdigunean jartzeko proposamena sistematizatu beharra zegoela. 

Halaber, Quintanillak jakinarazi zuen Haur eta Nerabeen Kontseiluak otsailean egingo duela lehen batzarra eta herriko ikastetxeak dagoeneko ari direla bertarako umeen eta gazteen izenak proposatzen. 

Bestalde, Kontseiluaren funtzionamenduari begira, udal ordezkariek formazioa jasoko dute datozen asteotan, kontseiluaren jardunak aldaketak ekarriko baititu udal politikan, “bestela ez ginateke-eta ondo ibiliko”, esan zuen Quintanillak. 

Iker Aldazabal alkateak ere azpimarratu zuen erabakia “barneratu” egin behar dutela, “umeek eta gazteek badutela zeresana etorkizuneko batzordeetan”, eta, “erabakiak hartzerako orduan gure gazteak parte izan behar direla”.