Atzo onartutakoaren arabera, protokolo berria aktibatuko da “Soraluzen edo Soraluzetik kanpo gizarte-indarkeriazko edozein jokabide egon dela jakiten denean”, beti ere, biktima udalerrikoa bada. Protokolo horretatik kanpo geratu dira “genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen biktimak eta bizikidetzaren aurkako erasoen biktimak”, dagoeneko badirelako berariazko protokoloak halako egoerak gertatzen direnerako.
Atzo onartu zuten protokoloak ondorengo jardunbidea zehazten du: gizarte indarkeria izan daitekeen gertaera baten aurrean Udaleko Bozeramaileen Batzordearen (alderdi politiko bakoitzeko ordezkari bana) bilera deituko dute 24-48 orduren baitan, gertatutakoaren larritasuna eta Udalak eman beharreko erantzun egokiena baloratzeko.
Horrekin batera, indarkeria jasan duen pertsonarekin harremanetan jarriko da Udala haren iritzia ere jasotzeko. Adibidez, hark eskatzen badu gertakaria eremu pribatuan gera dadila, haren borondatea errespetatuko da.
Bestalde, protokoloan gaineratutakoaren arabera, erasoari erantzuteko orduan, “modurik egokiena eta eraginkorrena adostuko da, biktimari kalterik ez eragiteko”. Udalak hainbat modutara jokatu ahal izango du:
- Maila diskretuan/pribatuan erantzun
- Jendaurrean erantzun. Egin daitezkeen erantzun publiko batzuk:
• Herritarrentzako jarduerak edo ekimenak antolatu, helburu pedagogikoarekin (salaketa/gaitzespen eta arbuio kontzentrazioak).
• Adierazpen publikoa egin, prentsaurreko edo prentsa-ohar bidez zabalduko dena. Adierazpen publiko bateratua eginez gero, erasoa gertatu eta astebetera egin beharko da beranduenez, eta informazio egiazkoa eta egiaztatua eman beharko du, espekulazioak eta zurrumurruak saihesteko eta halakoekin amaitzeko. - Eskura ditzaketen baliabide psikologiko, ekonomiko eta juridikoen berri eman eta biktimen eskura jarri.
Helburuak
Protokoloarekin lortu nahi diren helburuak ere zerrendatu dira dokumentuan:
- Elkartasuna adierazi gizarte-indarkeriaren biktimei.
- Gizarte-indarkeriaren biktimentzako arreta hobetu.
- Pertsona baten aurkako edozein eraso guztion aurkako erasoa dela erakutsi. Beraz, erantzuna ez dagokio erasoa jasan duenari, baizik eta Soraluzeko gizarte osoari eta ordezkari politikoei, herritarren ordezkari gisa bereziki.
- Indarkeria mota guztien deslegitimazioa adierazi.