Itziar Yagüe: Kontzertu dotorea
allowfullscreen="allowfullscreen">
Ostiralean, Itziar Yagüe kantariak eta Paul San Martin pianojotzaileak Bessie Smith artista afroamerikarraren errepertorioa eta bizipenak ekarri zizkiguten. Kantariak berritsu jardun zuen eta hainbat puntu laga nahi izan zituen garbi: Bluesman aintzindari eta mitikoak beti gizonezkoak (Robert Johnson kasu) agertu dira historian, gizonezkoek idatzitako historian, jakina, baina lehen hastapenak emakumeen eskutik sortu izan dira. Duela ehun urte oso gogorra zen neska batentzat musika eta arte munduan aurrera egitea eta bere iritziak, bizipenak eta sexualitatea libreki bizitzea. Bessie Smith-ek hori sutsuki defendatu zuen. Askotan izan ziren baztertuak. Bessiek kantu ezagun asko abestu zituen nahiz eta gero beste batzuen ahotan famatu, adibidez Nobody knows You When You´re Down and Out (inork ez zaitu ezagutzen deprimituta edo dirurik ez daukazunean) kantua Eric Clapton-ek sartu zuen bere disko akustikoan. Ondoren, Smith-ek auto istripu larria izan zuen baina ez zuten artatu eta beltzen ospitalera heldu zenerako oso egoera txarrean zegoen. Urte askotan bere hilobia plakarik gabe egon zen. Itziarrek kontatu zigun Janis Joplin izan zela hilobia txukuntzearen alde egin zuena. Horrela, Bessieren bizitza eta obra aitzakiatzat hartuta, XX. mendeko emakume kantarien inguruko errepaso eta erreibindikazioa egin zuen.
Kontzertu dotorea izan zen, akustikoa, lagun artekoa, eta Paulek maisuki musikatu zuen isats-pianoarekin.
Niko Etxart: Beteranoen jakinduria
Zapatuan Niko Etxart & Hapa Haparen txanda izan zen. Hasieratik ekin zioten indartsu eta beteranoek daukaten jakinduriarekin jardun zuten. Euskal kanta ezagunak (Baga Biga) eta bere arrakastatsuak (Eperra, Euskal Herri Rockanrrollin…) abestu zituen. Errepertorio orekatua bluesak eta rockanrollak tartekatuz, tartean, Rollin Stones-en egokitzapena. Musikari beteranoz eta gaztez osatutako seikote indartsua taula gainean; ikusi genuen biolina ederto egokitzen dela bluesean eta rockean (Xabi Etxeberri hendaiarra, Anariren taldean txeloa jotzen duena). Nikok, eskuzabal utzi zion pare bat kantutan Dominic Earl gitarrajole anglo-euskaldunari abesteko protagonismoa, bere diskoaren propaganda eginez. Kiki Frantzian ere preziatua den armonikajolea aspaldiko konpaineroa da Nikoren abentura musikaletan eta base erritmikoak ziurtasuna eta finkotasuna ematen dio taldeari.
Niko kantari trebea eta artista zela bagenekien baina ekarri zuen taldea ez zen nolanahikoa. Iparraldeko musikariak beti ibili dira aurretik musikan eta larunbatean horren froga bat izan genuen. Galdera da: Goi mailakoak izanda zergatik ez dute Niko Etxart & Hapa Hapa programatzen inongo blues jaialdi handitan? Euskaraz abesten dutelako? Ez da ulertzen erraza.
Musika eskolako konboak: Urtetik urtera hobetzen
Musika Eskolako taldeek urtetik urtera hobetzen doazela nabarmena da eta domekan ikusi genituen gazteak eta nagusiagoak kantu politak egiten, ilusioz. Eta bukatzeko eztarri eta estilo oneko herriko hiru kantari ondo afinatuak eta koreografietan gogotsu. Eskerrik asko egiten duzuen lanagatik!
Carlton Jumel: Entertainment paperean
Iluntzean dantzarako hitzordua izan zen Carlton Jumel 62 urteko newyorktarrarekin. Arazo teknikoengatik berandu hasi baina lehen unetik mugimentua eta dantza etengabea izan zen. Jendea laster bereganatu zuen. James Brown, Otis Redding Steve Wonder, Marvin Gaye eta Soul musikako handiak ekarri zituen gure belarrietara. Baina hori guztia ondo burutzeko Penintsulan fitxatutako goi mailako (El Cigala, La Frontera…), sei musikarien orkestra zeukan ondo olioztatuta eta nagusiari zerbitzua ederto eginez. Amerikarrak ederto bete zuen Entertainment papera, jendearen partaidetza bilatuz, kantua eta dantza eraginez, jendea eszenatokira jasoz, argazkiak ateraz… uneoro umoretsu eta pozik. Ah! eta Soraluzeko herria “very nice” zela esan zuen gizonak Euskal Herrian eskaini duen emanaldi bakarrean.
Ah eta eguenean gutxi egon ginen Summer of Soul dokumentala ikusten baina ahal baduzue ez galdu aukera. Nonbaiten izango da ikusgai eta ziur gustatuko zaizuela. Merezi du.