Atzo, minutu bateko isilunearekin hasi zen UDAren kontrako partida, Sorako jokalari baten aitaitaren heriotzarengatik. Behin partida hasi eta gutxira, ezustekoa etorri zen etxekoendako, 7. minutuan gola sartu baitzien Aretxabaletako taldeak, Sorako atezaina aurreratuta harrapatu ostean.
Partida bizia hasi zen hortik aurrera; erasoan jardun zuten bi ekipoek, baina Sorak asmatu zuen lehenengo. 18. minutuan, Bioren pase eder baten ondoren, Letuk lortu zuen banakoa egitea.
Berdinketaren ondoren, gogotik jardun zuten bi taldeek, markagailuan aurrea hartu nahian. Baina finago ibili zen Sora eta etxekoek bigarrena sartu zuten, oraingoan ere, Biok pasea egin eta Letuk sareratuta. Modu horretara, 2-1eko markagailuarekin erretiratu ziren aldageletara.
Bigarren zatiari dagokionez, arean zokoratu barik, erasoan segitu zuten etxekoek, Letu kapitainaren esanei kasu eginez. Saiatzeak saria dakar sarri eta halaxe izan zen atzokoan, 78. minutuan sartu zuen Sorako Urtzik 3. gola eta 86. minutuan sartu zuen, berriz, laugarrena eta azkena Markel Gilek.
Nasai irabazi zuen Sorak, eta gainera, indarra erakutsi zuen atzokoan. Poltsikoratutako hiru puntuei esker, orain, 16 puntu ditu Sorak eta ligako sailkapeneko bigarren lekuari eutsi dio beste astebetez.