Aldai nagusi emakumezkoetan
Emakumezkoen arteko eskuz banakako partiduarekin abiatu zen barikuko pilota jaialdia. Hasi eta berehala, garbi ikusi zen Amaia Aldairen nagusitasuna, nesken mailan pilotari onenetarikoa dela erakutsiz. Ezkerrarekin tanto onak eta ederrak egin zituen eta pilota oso bizi erabili zuen partidu guztian zehar. 22-5 amaitu zuen Erasunen kontrako norgehiagoka.
Sorpresa gizonezkoen promesa mailan
Promesa mailako eskuz binakakoari dagokionez, Beñat Apezetxea eta Ander Arroita nahiko erraz aurreratu ziren markagailuan, Unax Landa atzelariaren akatsei esker. Gero, Beñat Zubizarretak apur bat gehiago asmatu eta 9na berdintzea lortu zuten. Eta zailena egina zutela zirudienean, Landak beste akats batzuk egin zituen eta orduan hartu zuten abiada urdinek. Azkenean, Apezetxeak eta Arroitak sorpresa eman eta 22-13 irabazi zieten Zubizarreta eta Landa multzoko buruei.
Unax Landa izan zen pilota gehien galdu eta bere maila eman ez zuenetako bat, baina nabarmendu beharra dago ia bi metroko atzelaria dela, ezker-eskuin eskuak oso libreak dituela eta partiduan zehar pilotakada ikusgarriak eman zituela. Gai da pilota erraz mugitzeko, baina apur bat gehiago sartzea falta zaio. Etorkizunera begira, hori zuzenduz gero, atzelari oso ona izan daiteke, entrenamenduekin lortzen ez den bizitasun puntua eta kolpea baititu berekin. Kontuan hartuta 17 urte dituela, oraindik badu astia aurrera egiteko.
Nafarrak nagusi gizonezkoen senior mailan
Azkenik, nagusien mailan, Ander Murua eta Julen Aizpuru Soraluzeko pilota klubeko pilotariak oso bizi hasi ziren, fuerte eta markagailuan aurrea hartuz: 7-3, 8-3. Geroago ordea, Unai Matak bere erritmoa ipini zuen, atzelariak oso ondo llagunduta. Orduan, Aizpuru apur bat jaitsi zen eta urdinak aurrera egiten hasi ziren. Muruak ere pilotakada batzuk huts egin zituen eta Aizpuruk ez zuen lortu aurrelariari jarraitzerik. Azkenean, nafarrak izan ziren nagusi eta merezitako garaipena eskuratu zuten: 22-13.