Ander Gillenearen 'Gure historiako pasarteak' euskal gatazkaren azken hiru hamarkadak argazkietan batzen dituen erakusketa da, bere argazkiekin osatua. Azaroaren 2tik dago ikusgai kulturguneko erakusketa-gelan, eta gaur barikua izango da ikusteko azken aukera, 19:00etatik 20:30era.
Eguaztenean, Gilleneak argazki horiek proiektatu zituen antzokian eta banan-banan eta kronologikoki eman zuen argazkien testuinguruaren berri. Tartean, Anjel Irazabalbeitia 'Txorta'-ri Plaza Berrian eginiko omenaldian ateratako argazkiak erakutsi zituen, segidan ikusgai:
Zein irizpide izan dituzu kontuan argazkiak aukeratzerako orduan?
Batetik, herria, Soraluze bera, noski. Txortaren omenaldiko argazki denak ekarri ditut. Bestetik, deigarrienak direnak: atentatu guztiak, hil-kaperak, protesta handienak... Eta gero, ba, garaiari zentzu pixka bat ematen dietenak, gizartean bizi ziren giro eta tentsioak transmititzen dituztenak, alegia.
Objektibotasuna eta nolabaiteko oreka mantentzea zaila behar du, batez ere horrelako gai korapilatsu batekin aritzean...
Ni ez naiz objektiboa, inor ezin da izan. Denok ditugu barnean gure ideiak eta sentipenak, baina zintzoa izan zaitezke. Nik nire pentsaera daukat, baina denetarik erakusten dut, denentzat dago.
Ezizenekin sinatzeak adierazpen artistiko bat izan ohi du arrazoi, baina zurea bestelako kasu bat dirudi, ala?
Bai, nire izenaz aparte beste hainbat ezizenekin sinatu izan dut, eta arrazoi ezberdinak daude. Hasieran, medio batean zaude eta beste batean publikatzeko. Baina geroago, nik bizi izan ditudan momentu gogorrenetan, adibidez, Aranberri izan naiz. Horrek norbaitek nirekin kontaktatu nahi izanez gero (periodiko konkreturen batetik edo poliziatik) laguntzen zidan. Tira, poliziak zerbait jakin nahi badu, badaki: kaleko poliziarekin topatzekotan ondo, baina kontu serioa izatekotan... atxilotu nahi bazaituzte, izen bat edo beste jartzeak berdin dio, ez daukazu zer eginik.
...eta halakorik gertatu al zaizu noizbait?
Ez, hainbesterako ez. Baina behin, esaterako, anaia gelditu zuten kontrol batean: “Ander, ordubete izan naute zuri buruz hitz egiten" esan zidan, telefonoz. "Que trabaja en Egunkaria.. Vive en Oiartzun… eta halakoekin", eta astebete neraman bakarrik! Abisu garbia zen, "badakigu zertan zauden, zer egiten duzun, non zauden… dena dakigu" esanez bezala.
Bizipen horiek guztietatik ateratakoa?
Momentu gehienak tristeak edo biolentoak dira. Baina orain, denbora pasata, eskertzen dut bertan egon eta gertatutakoa zuzenean ikusi izana, nik behintzat ideia garbiago bat edukitzeko. Politikariak ere aurrez aurre entzun eta gero periodikoetan zer azaltzen den ikustea...
Gauzak ez direla ez zuri ez beltz; eta beldurrak, arazoek eta bizitako istiluek erakusten dizkizuten gris horiek beste ikuspuntu bat ematen dizutela eta pila bat aberasten dutela.
Bukatzeko, eskoletan ere egin duzu horrelako proiekziorik, zer da gazteek esan dizuten deigarriena?
Ez dute askorik esaten, helduenak isilik geratu ohi badira... imajinatu gazteenak.
Lehenengoan, Urretxuko ikastolan, hitzaldia amaitu eta gero, batek honakoa esan zidan: "Baina, hau guztia... hemen gertatu da?"