Soraluzeko Pilota Elkartea Ohorezko Mailan

Ubane Madera Zangitu 2022ko aza. 11a, 09:32

Soraluzeko Pilota Elkarteak atzera ere Ohorezko Mailara igotzea lortu du, Aitor Mendizabal eta Manex Balerdi pilotarien eskutik. Bi pilotariak eskuz binakako Gipuzkoako txapelketako finalera sailkatzeari esker lortu dute igoera. Finala, berriz, domekan jokatuko dute, Antzuolan. Bestalde, gaur, DV Bankoa Abanca torneoaren aurretik, errendimendu mailako Gipuzkoako txapelketako partida izango da, alebin mailakoa.

Pozik daude Soraluzeko Pilota Elkartean Ohorezko Mailara igotzea lortu dutelako. Profesionalen azpitik dagoen mailarik altuena da Ohorezko Maila, eta, Aitor Atxotegik gogora ekarri duen moduan, Gipuzkoa guztian zortzi taldek bakarrik dute maila horretan plaza.

Soraluzeko Pilota Elkarteko Aitor Mendizabal eta Manex Balerdi antzuolarrek lortu dute mailaz igotzeko zuzeneko pasea. Gipuzkoako txapelketako finalera sailkatzeagatik lortu dute Ohorezko
Mailara igotzea.

Finalari dagokionez, berriz, domeka honetan jokatuko dute, 11:30ean, bi pilotarien jaioterrian. 11:30ean hasiko da pilota jaialdia eta bigarren partida jokatuko dute Soraluzeko Pilota Elkarteko ordezkariek. Aurrez aurre izango dituzte Hernaniko Apaolaza eta Lizeaga. 

Irabazteko esperantzarekin eta asmoarekin doaz Soraluzeko ordezkariak. Atxotegik esan duenez, ligaxkan elkarren kontra jokatu zuten eta 22-17 galdu zuten, baina orduko hartan beste aurrelari bat zegoen bikotean, Ojuel, beterano bat. "Apaolaza, berriz, gaztetxoagoa da, uste dugu Ojuel ez etortzeak mesede egiten digula".

Bestalde, gaur, DV Bankoa Abanca torneoaren aurretik, errendimendu mailako Gipuzkoako txapelketako partida izango da, alebin mailakoa. 19:15ean Zuhaitz Larrañagak Arrasateko Zubiaren kontra jokatuko du eskuz banakakoa.

Osterakoan, joan den asteburuan hasi ziren eskolarteko txapelketak. Aitor Atxotegi pilota elkarteko arduradunak esan duenez, aurten bederatzi talde benjamin eta alebin mailetan, sekula baino gehiago, guztira, 28-29 ume.