Bihar jokatuko da DV Bankoa Abanca pilota torneoaren kanporaketa Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2022ko aza. 10a, 11:54

Torneoaren aurkezpena.

Bihar, barikua, Araneko frontoian jokatuko dute DV Bankoa-Abanca torneo entzutetsuaren kanporaketa kiroldegiko frontoian. Gaueko 21:00etan hasita, hiru partidu jokatuko dituzte: emakumezkoen eskuz banakakoa eta gizonezkoen promesa mailako eta senior mailako eskuz binakakoak.  

Emakumezkoen partida izango da biharko lehena. Eskuz banaka jokatuko dute Aldaik (Lea Ibarra) eta Erasunek (Su Berri). Ondoren, Promesa mailan, Zubizarretak eta Landak (Lapke-Oiarpe) eskuz binakakoa jokatuko dute Apezetxea eta Arroita (Erreka-Ataun) bikotearen kontra. Azkenik, senior mailan, Soraluzeko Pilota Elkarteko Muruak eta Aizpuruk, aurrez aurre izango dituzte Mata eta J. Lazkoz (Oberena-Irurtzun). 

Getarian, irailaren 17an hasi zen Bankoa-Abanca DV 2022 torneoa eta abenduaren 17an Zarautzen bukatuko da. 72 pilotari ari dira lehian, 32 pilotari promesa mailan, beste horrenbeste senior mailan eta 8 emakumezkoetan. Pilotarien artean, Soraluzeko Pilota Elkarteko ordezkaritza ere bada, aurten, Ander Murua eta Manex Balerdiren eskutik.

2012tik Soraluzeko Pilota Elkarteak antolatuta

Aurten, Bankoa-Abanca DV torneoaren 31.edizioa da. 2012az geroztik Soraluzeko Pilota Elkarteak antolatzen du torneoa, Aitor Atxotegiren, Iñigo Iruretaren (Beasain) eta Andoni Aldaperen (Mallabia) eskutik. 

Soraluzeko Pilota Elkarteko arduradun Aitor Atxotegik gogora ekarri duenez, Juan Luis Ubera elgetarra izan zen txapelketaren sortzailea 1992-1993 denboraldian. 2012.urtean ordea, Soraluzen nagusi mailako pilotaririk ez zegoela ikusita eta Uberak pilota kontuetatik erretiratzeko nahia zuenez, Elgetako Ozkarbi pilota elkarteko pilotari guztiak Soraluzeko elkartera etorri ziren.

Klub horretako pilotariak ekartzeaz gain, soraluzetarrak, Uberari erreleboa hartuta, Bankoa-Abanka DV torneoa antolatzen hasi ziren, oso-osorik: pilotarien eta bikoteen aukeraketa, herriekin hitzorduak... Oraindik ere horretan dihardute. Eta ondo ari direla dirudi, izan ere, adituen esanetan, torneo hori erakusleiho bikaina da pilotariei profesionaletarako jauzia ematen laguntzeko.