Kirolari beteranoak zein amateurrak, denetik izan zen atzo Antxintxika Lasterketan. Zelan ez, baita lasterketari Mikel Crespo Memoriala izena ematen dion Mikel Crespo zenaren lagunak ere bertaratu ziren, Cresporen argazkidun kamiseta hori bizia soinean jantzita.
Etorri ziren gertutik, Eibartik, Bergaratik, Arrasatetik, Oñatitik… eta baita urrunagotik ere, Azpeititik, Zarauztik, Zumaiatik, Pasaiatik…
Izan ere, dagoeneko XVI.edizioa bete du Soraluzeren eta Bergararen arten jokatzen den Antxintxika Krosak eta urteroko zita bilakatu da askorentzat; irteera puntuan nabarikoa zen kirolariek zuten lagun arteko giroa.
Zortzigarren garaipena
Bakoitza bere taldean, baina guztiak ere ziztu bizian abiatu ziren Etxaburuetatik Bergaran zain zuten helmugara. Korrikalarien artean, bizkorrenak Ainara Urrutia aretxabaletarra (36:18) eta David Garcia Txiki durangarra (30:27) izan ziren.
Besteak beste, lasterketaren hasieran nabarmendu zuten azken horren izena, eta, ez alperrik; faboritoa zen bera eta aurtengoa, Antxintxika lasterketa irabazten duen zortzigarren aldia izan du.
Agirre eta Mugika
Soraluzetarren artean, berriz, Amaia Agirre Arrizabalaga (52.24) eta Anartz Mugika Ledo (34.31) izan ziren bizkorrenak eta baita saridunak ere, soraluzetar azkarrenak izatearren. Mugikak Bergaran bertan jaso zuen saria, Iker Aldazabal alkatearen eskutik; Amaia Agirreri, berriz, etxera ekarri zioten, ez baitzen banaketan izan.
'Zapatilen' korrikalaria
Anekdoten artean, berriz, izan zen, halakoetan ohi denez, galtzerdi zein zapatila desberdinekin korritu zutenak, Alexander Miranda Bakero, adibidez. “Azpeitiarra naiz, Azkoitian bizi naiz, Zumaiako taldearekin entrenatzen dut eta emaztea oñatiarra dut”, kontatu zuen, zapatila gris eta berde banarekin zebilenak.
Oinetako desberdinak eramatearen arrazoiak ere azaldu zituen: “Ni ez naiz horren ona; ez daukat izenik; hortaz, zapatila desberdinak janzten ditut eta hartara ezagutzen naute zapatilena bezala. Hori bai, zapatilak erosterako orduan, 150 euro barik 300 euro gastatu behar izaten ditut takada batean eta emaztea ez da oso pozik ibiltzen horrekin (barre)”.
Lasterketaren kronika xehea ikus daiteke Goiena.eus atarian.