Blues Hotsak jaialdia

Blues onak ematen duen pozarekin atera ginen

Joxe Felix Azkarate 'Xarra' 2022ko aza. 4a, 08:03

Arrakastatsua izan zen domeka iluntzean Blues Hotsak jaialdia abiarazi zuen kontzertua. Jendeak ederto erantzun zuen eta aretoa ia goraino bete zen herritik bertatik eta kanpotik etorri ziren zaletuz. Krasek eta Travellin Brothersek emanaldi ederra eskaini ziguten. (Argazkiak: Juan Fernandez)

Domekakoa ez zen Travellin Brothers talde bilbotarrak gurean jotzen lehen aldia baina, oraingoan, "Steve Krase Band" bihurtuta jo zuen. Houston (Texas)-etik zetorren harmonikajole eta kantari trebea gidari hartuta lehen kantutik jarri zuten entzulegoa alde, txaloka eta kantuan. Tartean, erakutsi ziguten noiz esan behar genuen ingelesezko esaldiaren baliokidea errepika modura, koroan: "bakalao...de Bilbao".

Berritsu jardun zuen amerikarrak ingelesez eta Alain saxojole bilbotarrak itzuli zituen bere berbak zuzenean, gaztelaniaz zein euskaraz. Eskertzekoa.

Musikalki, kalitate handiko kontzertua izan zen. Akatsik gabeko baxuak eta bateriak base erritmiko sendoa osatu zuten eta haren gainean Alain Sancho saxofoi-joleak bakarkako zoragarriak eskaini zituen. Horri gehitu behar zaio Mikel Azpiroz pianista donostiarraren (jakina da bilbotarrak nahi duten lekuan jaiotzen direla) trebezia ikusgarria eta Aitor Cañibaño gitarrajolearen erakustaldia.

Errepertorioan Kraseren beraren gaiak, bere anaien konposaketa batzuk eta blues klasikoen zenbait cover (Sonny Boy Wiliamson, Walter Price, Lester Buttler) txertatu zituen. Bitxikeria bi: kontzertua amaitzeko Violent Femmes rock talde ezagunaren bertsioa eta bere institutuko garaiko kantu ezaguna zena jo zuen, eta aurretik, Trudy Lynn bluesaren diva ezagunaren kantu bat ere bai, zeinak urte luzetan Krase harmonijole nagusi izan zuen bere taldean.

Kontzertuak ordu eta erdi iraun zuen. Krasek sutsu jardun zuen oholtzan, batetik bestera, harmonikarekin, mikro txikiarekin… zutik, lurrean etzanda... Kontzertua amaitu zenean nabarmena zen entzulegoaren poza; jendea irribartsu atera zen. Pozik entzulegoa eta pozik musikariak ere. Bluesa penak kontatzeko sortu zutela baina poz ederrak ematen ere badaki...

Kontuak kontu, aurtengo jaialdiak hasiera zoragarria izan du eta atzetik datozen hitzorduak ere ez dira nolanahikoak izango.


Sarreren zozketa Plaentxia.eus-en

Azaroaren 18tik 20ra bitartean izango diren kontzertuetarako 2 sarrera zozkatzen ditu Plaentxia.eus atariak. Zozketan parte hartzeko klikatu hemen.