Ehunka lasterkari izango dira Soraluzen, zapatuan

Ubane Madera Zangitu 2022ko aza. 2a, 17:14

2019ko Antxintxika lasterketaren hasiera. Argazkia: Olatz Sebal.

Zapatuan, 300-400 lasterkarik bat egingo dute Soraluzen, XVI. Antxintxika Lasterketara etorrita. 16:30ean hasiko da proba, orduantxe abiatuko dira-eta hand-bikean eta gurpildun aulkietan dabiltzanak. Azken korrikalariak, berriz, 17:00etan irtengo dira. Udaltzaingotik ohartarazi dutenez, 15:00etatik 17:00etara, errepidea itxita izango da Ezozi bideko biribilgunetik aurrera, eta, inguruko  aparkalekuak hustu egin beharko dira. Autobusak, berriz, lasterketako irteeren bitarteko hutsuneetan ibiliko dira.

Gaur, azaroak 2, dagoeneko ia 300 lagunek izena emanda dute zapatuan korrituko den Antxintxika lasterketarako; horietatik 10 bat dira soraluzetarrak. Dena den, azaroaren 4ra arte (azaroaren 4a barne) izen-ematea zabalik dago (kirolprobak.com), beraz, ezustekorik ezean, kirolari gehiago animatuko dira Soraluzen hasi eta Bergaran amaitzen den lasterketara.

10 kilometroko ibilbidea

Lasterketa bera 16:30ean hasiko da, orduantxe abiatuko baitira hand-bikean eta gurpildun aulkietan lehiatuko direnak. Haien ondoren, 16:45ean, patindunen txanda izango da eta 17:00etan abiatuko dira azkenak, korrikalariak. Kirolariek 10 kilometroko ibilbidea gauzatu beharko dute, gehiena bidegorritik, Bergararaino.

Sariei erreparatuta, berriz, sei mailatan emango dituzte eta horietako bi sari Soraluzeko lehen gizonezkoarendako eta lehen emakumezkoarendako izango dira; Soraluzeko udal ordezkariak Bergarara bertaratuko dira soraluzetarrei sariak ematera.

Udaltzaingoaren abisuak

Lasterketa egunari dagokionez, berriz, hainbat ohartarazpen egin ditu Udaltzaingoak.

  • Batetik, 15:00etatik 17:00ak arte itxita izango da Ezoziko biribilgunetik hasita Olako aldapa jaitsi arteko errepide tartea. Bitarte horretan, herriaren erdigunerako sarbide modura, zabalik geratuko dira Gabolatseko zein Zubi Nagusiko piboteak.
  • Errepidea itxita dagoen tartean, autobusak pasatuko dira lasterketa hasierek lagatako hutsuneetan.
  • Bestalde, 12:00etatik aurrera Gabolats 21-23-25-27-29 eta Estaziño 1 - 3 atarien pareko aparkalekuetatik hasita Zeletako zubiperaino aparkatuta dauden ibilgailu guztiak kenduta egon beharko dira.