Immigrazioak zein eragin izango du euskararengan?
Datozen urteetan Euskal Herriaren osaera demografikoa asko aldatuko da. Pentsatu behar dugu hurrengo 30 urteetan 400.000 pertsona beharko ditugula gure lan eremurako eta, horren eraginez, Euskal Herria oso ezberdina izango dela. 2050erako gure biztanleriaren laurden bat immigrantea izango da eta horrek euskarari hil ala biziko erronka planteatzen dio.
Gainera, etorriko diren pertsonen artetik oso gutxi izango dira hezkuntza sistematik pasatuko direnak, %13a, gainerakoak hogeita bost urtetik gorako helduak izango dira eta belaunaldi horrek ez du bat egingo euskararekin eskolan, ez du euskara aurkituko bere egunerokoan. Gainera, asko gaztelaniadunak izango dira eta jende horrek hemen bizitzeko ez du euskara jakiteko beharrik izango.
Euskarak baditu lehendik problema handi batzuk eta datozen urteetan migrazioaren eraginez problema horiek areagotu egingo dira. Pertsonen etorrera oso handia bada, euskarak atzera egin dezake zenbakietan eta horrek zenbait sektoretan atsekabe sentimendua areagotu dezake, baita immigrazioaren aurkako jarrerak ere.
Aurkako jarrera horiek zergatik ez dira egokiak?
Errealitatetik kanpo kokatzea delako. Immigrazioa premia estruktural bat da gure gizartean, momentuz zaintzaren arloan baina laster industrian ere beharko dugu. Demografia eskasa daukagu eta horri aurre egiteko bide bakarra immigrazioa da. Behar den zerbaiti ezin zaizkio ateak itxi. Jakin behar dugu immigrazioak etortzen jarraituko duela, kopuru handietan gainera. Horren kontzientzia hartzen badugu, gero pentsatu ahalko dugu zer egin eta nola transmititu hizkuntza. Uste dut oraindik ez diogula daukagun erronkari neurria hartzen, baina erronka ikaragarria izango da.
Auzoko da etorkinak euskarara hurbiltzeko egitasmoetako bat.
Saiakera bat da jendea euskarara hurbilarazteko eta horregatik da inportantea, baina etorkizunean tresna instituzional, sozial eta edukazional handiak beharko ditugu, eta horiek izanda ere, ez dakigu horiekin nahikoa izango den. Uste dut hartu behar dugula kontzientzia erronkaren neurriarena. Oso gai potoloa da eta erantzunak ere halakoa izan beharko du.
Zeintzuk izan daitezke tresna handiago horiek?
Izan daiteke hezkuntzak oso ondo asmatzea, enpresak ere sartzea kontu honetan eta mundu guztiak zeregin bat izatea. Hezkuntza mailan ere segregazioa ahal den neurrian mugatu egin beharko dugu eta guzti honi buelta bat eman beharko diogu, bakoitzak bere esku dauzkan tresnak amankomunean ipinita. Erronka global eta ekologikoen artean hizkuntz ekologia ere badago eta horrek ere inportantzia dauka. Euskara ere sartu beharko da eskarien katalogoaren barruan.
Euskara debalde ikasi ahal izatea ere izan daiteke tresna garrantzitsuetako bat?
Bai, horrelako neurriak ere hartu beharko dira. Etorkinen seme-alabak eskoletan egongo dira eta gurasoek haiei laguntzeko debalde ikasteko aukera bat beharko dute. Hemen gauza askotarako inbertitzen da eta euskararentzako ere inbertitu egin beharko da, dirutza potoloak inbertitu beharko dira. Nerabeentzako programazio kulturala… Mundu bat dago egiteko. Aldi berean, geuk ere mundu bat dugu deskubritzeko. Agian, orain arte, euskaldun petoak egon izan gara pentsatzen besteak direla guregana hurbildu behar dutenak, baina orain tokatuko zaiguna da gure aldetik nolabaiteko desarme unilateral bat egitea eta geu egokitzea dauden diskurtso eta guneetara. Hori zela egiten den? Ez dakit. Lan kolektiboa izan beharko du.