Hurrengo ekitaldien artean, nabarmentzekoak dira Itziar Yagüe & Paul San Martinek, Niko Etxart & Hapa-Hapak (iaz bertan behera utzi zen kontzertua) eta Carlton Jumer Smith & The Harrycane Orquestrak eskainiko dituzten emanaldiak, baina badira ekimen osagarri gehiago ere.
Oharra: Plaentxia.eus-ek kontzertu nagusienetarako sarrerak zokatuko ditu; lehen kontzertukoak, hemen.
Urriak 30, domeka
Steve Krase & Travellin' Brothers
Steve Krase Houstonetik datorren Texas-ko erreferente handienetako bat da: harmonizista eta ibilbide luzeko abeslaria, bai bere Steve Krase Band taldeko aurreburu izanda, bai Trudy Lynn blues diva handiaren albolagun gisa. Oraingo honetan bira berezian dator, 18 urteko ibilbidea eta Europa mailan itzal handia duen Travellin' Brothers euskal bandarekin batera. Antzokira soinu "organikoa eta benetakoa" ekarriko dutela agindu dute.
- Ordua: 19:00 (Herri Antzokian).
- Sarrera: 10€, txartelak Iratxo dendan salgai.
Azaroak 17, eguena
The Black Woodstock (filma)
"Summer of Soul" 'Questlove' ezizenaz ezaguna den Ahmir Thompson musikariak zuzendutako dokumentala da. 1969an antolatutako Harlemgo Jaialdi Kulturalaren inguruko proiekzioa da, eta afroamerikar kulturari eta musikari gorazarre egiten dio. Berezko izena 'Summer of Soul (...Or, When the Revolution Could Not Be Televised)' du, Soul-aren Uda (...Edo, Iraultza Telebistaz Eman Ezin Zenekoa), alegia.
- Ordua: 19:00 (Herri Antzokian).
- Sarrera: Doan.
Azaroak 18, barikua
Itziar Yagüe & Paul San Martin
Itziar Yagüe kantari arabarrak, Paul San Martin piano-jole gipuzkoarraz lagunduta, Bessie Smith artista mitikoak duela mende bat ospetsu egin zituen kantuen inguruko emanaldia emango du. Berezia izango dela diote, formatu murriztu honek, beste instrumentuen solo osagarririk ez duelako: “Erronka bat da, baina Paul oso piano jotzaile fidagarria da", zehaztu du abeslariak.
- Ordua: 20:00 (Herri Antzokian).
- Sarrera: 10€, txartelak Iratxo dendan salgai.
Azaroak 19, zapatua
Niko Etxart & Hapa-Hapa
Euskaraz abestutako rock eta bluesaren aitzindari nabarmenetako bat dugu zuberotarra. Garai finko batekin identifikatzeko joera badago ere, mota guztietako lanak egin ditu 70ko hamarkadatik gaur arte. 1990tik aurrera, bere estudioan grabatutako pop-rock-blues disko sorta dotorea eskaini digu Hapa-Hapa taldearekin; eta azaro honetan, eurekin batera taulagainean ikusteko aukera izango dugu, bere beste fazeta nagusi horrekin, 'bluesman'-arena, hain zuzen.
- Ordua: 20:00 (Herri Antzokian).
- Sarrera: 10€, txartelak Iratxo dendan salgai.
Azaroak 20, domeka
Musika Eskolako konboak
Aurten ere, Soraluzeko Musika Eskolak tartetxo bat izango du jaialdian. Hitzordu horretarako espresuki sortutako ikasle eta irakaslez osatutako taldeek blues, soul eta musika beltzetik datozen bestelako doinuez girotuko dute domeka goiza, "Musikaren balioa elkarrekin jotzea da" lelopean.
- Ordua: 12:30 (Herri Antzokian).
- Sarrera: Doan.
Carlton Jumel Smith & The Harrycane Orquestra
Carlton Jumer Smith bere kabuz egindako abeslari, konpositore, ekoizle eta aktorea da. Shanghai, Helsinki, Errusia, Turkia, Londres, Frantzia eta bere jaioterri den New Yorkeko agertokiak sutu ditu; eta, orain, Soraluzeko antzokian ikusteko aukera izango dugu, musikarako duen grina eta Maitasuna, Bakea eta Harmonia printzipioei dien fedea soul doinuen bidez adieraziz. “Negozio honetan, dena kantu batekin hasten da”, filosofatzen du Carltonek. “Nire uste sendoa da, abesti handi bat bedeinkazioa dela". Azken finean, bere ekuazio hunkigarrian dioen moduan: "Musika + Letra = Zure bizitza”.
- Ordua: 19:00 (Herri Antzokian).
- Sarrera: 10€, txartelak Iratxo dendan salgai.