“Lanarekin sortutako aberastasuna ekitatez" banatzeko eskaera

Ubane Madera Zangitu 2022ko urr. 25a, 09:01

Atzo, astelehena, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean, borrokan segitzeko asmoa dutela berretsi zuten. Zentzu horretan, azaroaren 19rako “mobilizazio historikoa lortzeko ahalegina” egingo dutela azpimarratu zuten. “Ez da manifestazio bat gehiago; borroka hau irabaziko dugula bermatzeko behar dugun manifestazioa da”, adierazi zuten. Atzo, 45 bat lagunek babestu zuten protesta. Datorren astelehenean, berriz, zubia denez, ez dute elkarretaratzerik egingo.

Atzo, pentsioen aldeko elkarretaratzean, bi hitzordu nabarmendu zituzten.

Batetik, iragarri zuten urriaren 26an entregatuko dituztela Espainiako Kongresuan batu dituzten 225.000 sinadura baino gehiago. Puntu horretan, “lanarekin lortutako aberastasuna ekitatez banatzea" aldarrikatu eta besteak beste, salatu zuten “onartezina” dela "Ibex 35eko enpresek irabazien errekorrak lortu izana (aurtengo lehen seihilekoan soilik 48.868 m/e) edo bankuek, adibidez, itzuli behar ez duten 2008ko erreskateko 65.000 m/e kontu publikoetara zuzentzea, edo, baita banku txarra izenekoak galdutako 35.000 m/e horiek ere”.

Bestetik, azaroaren 19rako prestatzen ari diren mobilizazioan “kaleak bete” egingo dituztela ohartarazi zuten: “Pentsioen eta soldaten aberastasuna ekitatez banatzeko eta erosteko ahalmena berreskuratzeko eskakizunak batzen gaitu pentsiodunak, langileak, emakumeak eta gazteak, baita erakunde sozial eta sindikalak ere, eta guztion artean gure kaleak beteko ditugu azaroaren 19an”.