Aste honetan hasiko da Gipuzkoako banakako txapelketa alebin errendimendu mailan. Aurten, Soraluzeko hiru alebin federatu dira, Zuhaitz Larrañaga, Aitz Arluziaga eta Laida Sanchez eta txandaka jokatuko dute txapelketan.
Gaur, barikua, Aitz Arluziagak jokatuko du Azpitiko pilotariaren kontra, 19:30ean.
Gomazko paleta
Horren ondoren, Gipuzkoako gomazko paletako partida jokatuko dute Ion Gallastegik eta Jurgi Rasconek Errenteriako bikotearen kontra. Soraluzetarrek partidu zaila dute aurrez aurre; joanekoa 25-15 galdu zuten eta gaur, etxean jokatuko duten partidan 15 tanto baino gutxiago egin behar dute Errenteriakoek Soraluzeko bikotea lehen lekuan geratu ahal izateko.
Irailean hasi zen Gipuzkoako paleta txapelketa eta lehen fasea amaituko da bi aste barru eta ondoren, eliminatorioak jokatuko dituzte, lehen mailara igotzeko helburuarekin.
Eskuz binaka
Bestalde, Gipuzkoako Txapelketako eskuz binakakoan, atzo, eguena, Mendizabalek eta Balerdik galdu egin zuten Hernaniko Ojuel eta Lizeaga pilotarien kontra, 22 eta 17. Beste bi partida geratzen zaizkie soraluzetarrei; oraindik badute ligaxkan sailkatzeko aukera, gero kanporaketak jokatzeko.
Hain justu, atzo, laugarren partida jokatu zuten. Hurrengo astean, berriz, Soraluzen jokatuko dute.
Eskolartekoan talde asko
Azkenik, eskolarteako txapelketa hilabete honetan hasiko da. Soraluzeko Pilota Elkartetik esan dutenez, aurten sekula baino talde gehiago daude, alebinetan hiru eta benjaminetan lau.