Oreka Art Gallery

Ivan Araujo artistaren "Kosmogoniak": geruzaka eraikitako munduak

Euskal jatorriko madrildar artistak estilo desberdineko artelanak bildu ditu Gabolatzeko Oreka Art aretoan: koadroak, egurrezko eskultura txikiak, linolioak, xilografiak... Sinbologiaz beterik, artistaren irudimenean dauden munduak irudikatzen dituzte.

Ivan Araujo (Madril, 1971) artista, Arte Ederretan lizentziatua eta obra grafikoen edizioan aditua denak, 2018tik gaur egun arte egindako zenbait artelan ekarri ditu Alberto Ramirezen Oreka Art galeriara.

Nolatan Soraluzen?
Lotura estua dut Euskal Herriarekin, etxea eta estudioa Madrilen baditut ere, izatez nire familia hemengoa da (Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Donostia...) eta askotan gerturatzen naiz bai hona bai Kantabria aldera, oporretan edo lan kontuetarako. 
Halako bisitaldi batean, FIG BILBAO paper arte eta grabatuen nazioarteko jaialdian ezagutu genuen elkar Albertok eta nik. Berak nire margolanen bat ikusita zeukan jada eta orduantxe hasitako harremanak ekarri nau hona.

Estilo oso desberdinek osatzen dute erakusketa, ba al dute zerbait amankomunean?
Hainbeste estilo egotearen arrazoia urte askotako artelanak direla da: Azkeneko lanez aparte, 2018-2019 urteetako batzuk ere ekarri ditut, adibidez. Agian, izenburuak biltzen dituen "kosmogonia" eta mikro-mundu kontzeptu komun horretaz aparte, obrak natura hilera eta egitura arkitektonikoetara bideratzeko dudan joera azpimarratuko nuke. Hori ere nire jatorriarekin estu lotuta dago: nire aitak arkitektura izan zuen ogibide, eta bere anaiek ere bai.

Estiloez aparte, tresna ugari ere erabiltzen dituzula igartzen da.
Bai, trazu oso desberdinak ematen dituztelako: urtsuak, arkatzarenak, errotuladoreenak... denekin esperimentatzea gustatzen zait. Eta horiek guztiak probatu ostean, nik neuk berri batzuk sortzen ditut: pintzelak, luma-muturrak eta abar. Kritikak nire estiloa kromatikoaren eta marrazketaren artean deskribatzen du beti: batzuetan marrazketa kolorearen esparrura eramaten dut, sare kromatiko eta degradatuen bitartez; eta pintura, alderantziz, marrazketara. 

Nondik datorkizu joera hori?
Obra grafikotik, zalantzarik gabe. Obra grafikoen editore bainaiz berez. Beste artisten lanekin zein nireekin dihardut, eta alor horretan marra eta kolorea dira ezaugarri nagusienetakoak, geruzekin batera. Nire obrak geruzaka sortzen dira, bakoitza egituratzen eta estaltzen dihardut behin eta berriz. Beraz, nire estudioa bisitatzen duenak, hurrengo astean bueltatzen bada, agian ez du koadroa ezagutu ere egingo, baina guztia bertan dago.

Eta obraren amaitzen da... noiz? 
Artista ororen galdera propioa da hori! Ba, nire kasuan, kurtsoak ematen ditudanean adibidez, amaitzeko momentu asko daudela esaten diet ikasleei. Hortik aurrera, jarraitzekotan, puntu hori aurkitzeko beharra birsortzen da: behin aldatuta, artelana desorekatuta egongo da berriz ere. Sentsazio pertsonal bat da azken finean, nolabaiteko asebetetze sentipena. Nolanahi ere, batzuetan obra lantzen jarraitzen dut bukatutzat eman ostean ere.

Diozu zure hurrengo erakusketara joandakoak margolan hauetako bat aldatuta aurki genezakeela?
Bai, hala da. Galeristak erreguka datozkit sarritan, piezak ez ukitzeko eskatuz. Baina gehienetan ez naiz puntu horretara ailegatzen.  Hori bai, lana hobetzeko aukeraren bat ikustekotan... birritan pentsatu gabe aldatu ohi dut. Hemen ikusgai ditudan koadro batzuk, esaterako, nire garai bateko margolanen bat gordetzen dute euren azpian...

Amaitzeko, zer aurkitu dezakete interesgarri herritarrek erakusketara hurreratuta?
Batetik, lehen esan bezala, lotura handia dut Euskal Herriarekin eta hori obretan irudikatuta ageri da "etxea" bezalako kontzeptuekin, adibidez. Beraz, uste dut esperientzia bereziagoa izan daitekeela hemendik kanpoko beste edonorentzat baino. 
Bestetik, erakusketa anitza dela. Erabaki nuen  denetik pixka bat ekartzea Soraluzera, eta hori ez da ohikoa. Normalean, obra grafiko hutsa, pintura lanak, eskulturak... biltzen ditut soilik. Baina gutxitan halakorik, beraz, aukera polita da.

"Kosmogoniak" erakusketa azaroak 2ra arte egongo da ikusgai Oreka Art aretoan, lanegunetan, arratsaldeko 7etatik 8etara. Urriaren 12an ere aretoa zabalik izango da. 

Bisita beste egun/orduren batean egin nahi izatekotan, deitu hurrengo zenbakira: 635706690.