Presen auzia

Karakaten ekologista, ibaian ez?

Joxean Iñurrieta 2022ko urr. 9a, 08:23

Matxiategi (Bergara), abuztuan presa bota eta gero.

- Uholde arriskua murriztea (berau nahikoa arrazoi alde jartzeko).

- Uraren oxigenizazioa eta autodepurazio gaitasuna handitzea.

- Ur eremu geldi eta geldoen azpian metatutako sedimentoak eta metanoa murriztea.

- Bertako ibai habitata (arrain, animali ta landareak) errekuperatzea.

- Eltxoak eta espezie inbaditzaileak murriztea.

Europan Biodibersidade estrategia 2030 bete behar da eta bertatik datozen 22 milloi euroekin ordainduko da Merlin proiektua. Gure udalari ez zaio ezer kostako ibaiaren errekuperazioan urrats handi hau ematea.

Proiektuaren hiru aurkezpen publikoetara hurbildu garen ia denok 60 urtetik gorako gizonezkoak izan gara, umetan edota gaztetan ibaian igeri eta jolas ugari egindakoak. Zaharrenek izokinak ere ikusi zituztela diote eta gure oroimenean esparru handi bat betetzen jarraituko dute irudiok bizi garen artean. Badira proiektuaren kontra agertzen direnak, adituen jokaera zalantzan jarri, argudio teknikorik azaldu gabe eta onurak izkutatuz. Horregatik Udalari dagokion erabakiaren ordez erreferenduma proposatzen dute, tripetatik erabaki dadin, datozen belaunaldiak gure zama emozionalekin hipotekatuz “nire oroimeneko argazkia ez dezatela aldatu”.

Gogoan dauzkat 1965. urtean traineruak, baita 1972. urtean Olan eta Elektrikan kutsaduragatik bainua hartzeari laga geniola ere. Geroago, Kontxita ta Elisa Labayen ahizpek Kalebarreneko etxeen ondoko ibai bazterra nola txukundu zuten ere bai, udalari aurrea hartu eta bidea erakutsiz. Etzozi bidetik Olaraino pasio ederra prestatu behar luke udalak, herritarron ibairako irisgarritasuna erraztu eta berriz ere solas eremu bihurtuz.

Presa nagusiak ez dira guztiz desagertuko; erdia edo alboetako bi herenak tente eta begi bistan jarraituko dute ondarearen balio didaktikorako.

Gaurko gazteek eta etorriko direnek ez daukate ibaiarekin horrelako lotura emozionalik, asko dira isurketen ondorioz uraren kolore aldaketa ezagutu ez dutenak. Proiektu ekologista hau onartzea Udal Plenoari dagokio eta nire ustetan tren hau pasatzen lagako bagenu ondorengo belaunaldiek ez ligukete barkatuko eta beraiek ordaindu beharko lukete aldaketa klimatikoaren aurrean beharrezko diren lan hauen kostea.

   

Lehen

Orain