Datorren urtean, “igoera neurtua” izango dute Udalari dagozkion tasek eta zergek (zaborrak, kiroldegiko prezioak, IBIak…). Berez, ordenantza fiskalen igoera finkatzeko kontuan hartu ohi den indikatzailea abuztuan izandako KPIa izan da. Aurtengoa %10,3koa izan da, inflazioaren ondorioz. Baina Soraluzen ez dute igoera hori aplikatuko udal zergetan, %2,5ekoa, baizik.
Udal Gobernuak (EAJk zein PSE-EEk) eta oposizioak (EH Bilduk) elkarrekin adostutako igoera da. Iker Aldazabal alkateak osokoan esplikatu zuen moduan, “jakitun” dira zein den soraluzetarren zein Soraluzeko Udalaren “egoera sozioekonomikoa” eta horregatik, “debate politiko-elektoralista alde batera laga” eta “heldutasun politikotik, erantzukizunez” jokatzea erabaki dute alderdi politikoek. Jarrera hori izateagatik alkateak eskerrak eman zizkien bai PSE-EEri eta baita EH Bilduri ere.
PSE-EEko Patricia Borinaga ordezkariak,berriz, gogora ekarri zuen alderdi sozialistaren “filosofia beti izan dela Udalaren diru-sarrerak bermatzea, horrek bermatuko baitu gero herritarrendako zerbitzu publikoak”, eta horrexegatik defendatu ohi dutela KPIaren araberako igoera zergetan. Baina, gaineratu zuen aurtengoa “egoera berezia” dela, espero duela “koiunturala” izango dela eta horregatik erabaki dutela egin beharreko “ahalegin” guztia herritarrengan laga barik, erakundeek ere egitea euren ahalegina.
Azkenik, EH Bilduko Unai Larreategi bozeramaleak azpimarratu zuen gaur egun “egunerokoak karga handia” suposatzen duela herritarrendako eta horrexegatik eurek zergetan igoera txikiagoa aplikatzea babestuta egingo dituztela “euren ekarpenak”. Halaber, gaineratu zuen gero guztiek nahiko dutela udal langileen (kiroldegikoak…) soldatak igotzea eta horrexegatik Larreategik uste du “nahi duenak ulertuko” duela zergetan igoera aplikatzea, “igoera neurtua”, hori bai.
Hobariak urtero eskatu behar dira
Bestalde, zergen igoera orokorrean bada salbuespenik eta hala nabarmendu zuen Iker Aldazabalek atzoko osokoan. Esplikatu zuenez, etxeetan energia efizientziarekin edo energia berriztagarriekin lotutako obraren bat egiten dutenek %95eko hobaria izango dute. Hori bai, alkateak gogora ekarri zuen hobariak urtero eskatu egin behar direla eta eskariak idatziz aurkeztu behar direla, ezarritako epearen barruan.
Hobari horren harira, Unai Larreategik, hausnarketa modura, adierazi zuen bultzada politikoa eman nahi zaien gaiak bultzatzeko modua ere izan daitekeela tasetan hobariak aplikatzea eta uste du halakoak aintzat hartu beharko lituzketela etorkizunerako.