Irailean ere, langabeziak gora

Ubane Madera Zangitu 2022ko urr. 4a, 17:50

Gaur, martitzena, jakinarazitako langabezia-datuen arabera, Soraluzen atzera ere gora egin du langabe kopuruak eta gainera, Debabarreneko langabezia-tasarik altuena izatera pasa da berriro ere. Eskualdean, berriz, hiru herritan jaitsi egin da langabezia eta ondorioz, Debabarreneko tasak ere behera egin du.

Joera orokorraren kontrara, Soraluzen, gora egin du langabeziak irailean. Gainera, atzera ere %12ko tasaren langa gainditu eta %12,59eraino igo da tasa, justu urtarrilean kontabilizatu zuten tasa berbera. Langabe kopuruari dagokionez, berriz, 235 kontabilizatu zituzten irailean. 

Ostera, Euskadin, Gipuzkoan zein Debabarrenean behera egin du langabezia-tasak. Eskualdeko herriei dagokienez, hirutan egin du behera, Deban, Elgoibarren eta Eibarren, azken horretan, nabarmen, gainera. 

Hona hemen Debabarreneko udalerrietako datuak, herriz herri:

  • Deba        164          %6,29
  • Eibar       1.487         %11,71
  • Elgoibar     472         %8,71
  • Mendaro      85         %8,37
  • Mutriku      198          %7,62
  • Soraluze    235          %12,59
  • Debabarrena   2.641   %10,08