Azken orduko izen-emate ugari izan zen, hogeita hamar baino gehiago, antza, ibilbide 'haundixa' (35km) nahiz 'txikixa' (19km) egiteko. Lehenengoa goizeko 6etan abiatu zen, txapligua lehertzearekin batera; bigarrena, 8ak aldera, San Andreserako bidezidorretan ilaran joaterik nahi ez zuen taldetxoak gidatuta.
Lainopean hasi, eguzkipean amaitu
Zapaturako eguraldi ona iragarrita bazegoen ere, zerua zalantzati agertu zen egunsentian: lainotuta ostarte gutxi batzuekin, bai tenperaturak bai aurreko egunetako zaparradek sortutako lokatza fresko mantenduz. Hala ere, egunak aurrera egin ahala, lainoak pixkanaka desagertu eta mendi-buelta apartaz gozatu ahal izan zuten partaide denek, ibilaldia eguzkipean amaituz.
Urrutitik etorritakoak ere bai
Ohikoa den moduan, martxa egitera animatutako mendigoizaleen artean hainbat lekutatik etorritakoak ziren: Amorebieta-Etxano, Aretxabaleta, Arrasate, Azkoitia, Bergara, Durango, Eibar, Elexalde (Galdakao), Elgoibar, Ermua, Eskoriatza, Gasteiz, Getxo, Iurreta, Leintz-Gatzaga eta, baita, Toledotik etorri zen bat ere.
Eta gero, zer...?
Ibilaldiaren ondoren, partaideek bazkaltzeko aukera zuten arratsaldeko 3etan, Kalebarrenen. Zenbaitek bazkari, poteo eta parranda egiteko asmo garbia zuten; beste batzuk, berriz, lur jota, bazkariaren plana bertan behera utzi eta, etxean zerbait jan eta gero, ohean sartzea besterik ez zutela buruan komentatu zuten.
Mendiko martxan bezala, kalekoan ere bakoitza bere erritmora.