Irailaren 28tik, eguaztenetik eman dezakete izena herritarrek Euskaraldian www.euskaraldia.eus gunean sartuta. Aurtengo izen-ematea berrikuntzekin dator, aurreko edizioetan parte hartu zutenek parte-hartzea berretsi ahal izango baitute egitasmoaren webgunean edo posta elektronikoan jasoko dituzten mezuen bidez.
Eguazten arratsaldean egin zuten izen-ematearen hasiera ospakizuna Bilbon eta bertan izan ziren herrietako batzordeetako kideak, entitateetako arduradunak, euskalgintzako eta gizarte alorreko kideak eta erakundeetako ordezkariak.
"Lorpen askoren gehiketa"
Euskaraldiaren antolatzaileek azaldu dutenez, datozen asteetan herritarrek beraien hizkuntza ohiturak aldatuz izan dituzten lorpenak bistaratuko dituzte; baita aurtengo edizioetako rol nahiz entitateek izango dituzten erronkak ere: "Lorpenak behar ditugu, euskaraz bizitzeko urrats berriak. Zinez uste dugu lorpen askoren gehiketatik joango garela, gizartean euskararen presentzia handitzeko urratsak ematen".
Entitateetan Arigunea-k
Entitateek ere badute aukera Euskaraldian parte hartu eta ariketa euren entitatean burutzeko. Horretarako Arigunea-k (euskaraz lasai egiteko guneak) identifikatu eta izendatu behar dituzte. Urriaren 31ra arteko epea dago entitate moduan izena emateko Euskaraldiaren webgunean.