Marraskilo Tourrean ohi denez, aurten ere, mendi ibilaldian izango direnetako asko dira Soraluzekoak bertakoak zein herritik kanpora bizitzera joandako soraluzetarrak. “Marraskilo Tour aprobetxatzen dute mendi martxa lagun artean egiteko. Egun polit bat izaten da elkartu, mendi-buelta eman eta elkarrekin bazkaltzeko”, esan dute antolaketatik, Soraluzeko Mendi Taldetik.
Lau anoa-puntu
35 kilometroko ibilbide luzea egingo dutenak 06:00etan abiatuko dira Plaza Berritik. 19 kilometrokoa egingo dutenak, berriz, 08:00etan abiatuko dira. Bidean, zain izango dituzte lau anoa-puntu, Azurtzan, herrian, Artzain txabolan eta Karakateko antenan.
Ibilbidea amaitzean, azken mendizalea heltzean, berriz, bazkaria egingo dute, 15:00ak aldera, ateri bada, Kalebarrenen. Menua izango da pasta entsalada, okela gisatua, edatekoa eta postrea. Normalean, Marraskilo Tourren parte hartzen duten ia denak geratzen dira bazkaritara, beraz, jendetsua izango da.
Ibilaldia da, ez lasterketa
Soraluzeko Mendi Taldetik gogora ekarri dute Marraskilo Tour ez dela lasterketa bat eta beraz, bakoitzak nahi duen moduan egiten duela ibilaldia, “batzuk korrika, beste batzuk oinez… baina da mendi ibilaldi bat; umeendako ere zabalik dago”. Gogora ekarri dute, baita ere, bidean dauden itxiturak itxita laga behar direla handik pasatu eta gero.
Karakaten zentral eolikorik ez
Bestalde, aurten Marraskilo Tourrek aldarrikapenari lekua egingo dio eta Karakaten zentral eolikoa jartzearen aurkako iritzia agertuko du. Besteak beste, eskuorri informatiboak banatuko dituzte partaideen artean, herriko Karakate Bizirik plataformarekin elkarlanean.