Urriaren 8an, zapatua, goizean hasiko da Etxera bidea gertu! leloa duen mobilizazio-jaialdia, euskal presoei ezartzen dieten urruntze politika salatu eta haien etxeratzea exijitzea helburu duena.
11:00etan, Bulebarrean egingo dituzte #IzanBidea ekimeneko azken kilometroak. hiru milioi pasatxo kilometroko erronka bukatutzat emanez. Haren segidan abiatuko da manifestazio “koloretsua”, Pio XII.a plazatik, 12:00etan. Ondoren, mobilizazioak borobiltzeko 13:00etan ekitaldia egingo dute eta hura amaitzean jai.-gunea zabalduko dute.
Kontzertuak, umeendako jolasak…
Jai-gunea hainbat esparrutan banatuko dute. Bertso saioa eta kontzertuak Ilunben izango dira, 15:30ean hasita. Maddalen Lujanbiok, Amets Arzalluzek eta Eñaut Elorrietak hasiko dute jaialdia eta taula gainean musika talde ugari eta ezaguna askoak izango dira, besteak beste, Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Sua, Doctor Deseo, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Andoni Oilokiegi, Trikidantz...
Txosnagunean, berriz, jatorduak egiteko aukera eskainiko dute, kale animazioak girotuta, Ttek Elektrotxaranga eta besterekin. Bestalde, haurrei propio zuzendutako eskaintza ere ondu dute, Porrotx protagonista dela. Oreka jolasak, tirolina, aurpegi margoketa eta beste izango dira bertan.
Sare Herritarra mugimenduak jakinarazi duenez, jaialdirako sarrerak eskuratzeko aukera bada oraindik, sare.eus webgunean.
Soraluzeko autobusak
Bestalde, Soraluzeko Sarek iragarri du Donostiako mobilizaziora joateko autobusa izango dela Soraluzetik. Bi aukera izango dira. Lehen autobusa 10:45ean irtengo da Estaziñotik eta 20:00etan bueltatuko da Ilunbetik. Bigarren autobusa, berriz, 10:45ean irtengo da Estaziñotik eta goizaldeko hiruretan bueltatuko da Ilunbetik.
Izen-ematea zabalik dago, Arrano tabernan. Izena ematerakoan zehaztu behar da zein autobusetan joan nahi den.